Gure erronka nagusiei erantzuteko ibilbide-orria moldatu dugu, ideiak benetako irtenbide bihurtuko dituzten proposamen eraldatzailez osatua

Gauza berriak egin nahi ditugu
Gorabiden ditugun beharrak konpontzeko.
Hori lortzeko,
20 profesionalen talde batek
ideia onak non izan ditzakegun pentsatu du.
Orain, bi lantalde-mota
antolatuko ditugu:
-
gauza berriak non egin
esango du talde batek.
-
gauza berri horiek pentsatu
eta egingo ditu hainbatek.
Iaz, diziplina anitzeko lan-prozesu bat hasi genuen, Aurrera Egiteko Berritu izendatu genuena, gure erronka nagusiak identifikatuko dituen ibilbide-orria egiteko helburuz, gauza interesgarriak egitetik irtenbide erreplikagarriak sortzera igarotzea ahalbidetuko diguten proposamen eraldatzailez osatua. Hau da, berrikuntza sistema egonkorra izan dadin, adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizitza hobetuko duena, gure kultura eta gaitasun profesionalak indartuko dituena, eta Gorabideren kudeaketa sendotuko duena, hori guztia erreferentea izan gaitezen.
Lehen fasean, Gorabideko arlo guztietako 20 profesionalek osatutako talde batek hartu du parte, eta hausnarketa-prozesu partizipatibo eta kolaboratibo batean 30 proiektu berritzaile antzeman ditu hiru alor hauetan: pertsonalizazioa eta laguntzak; kudeaketa eta antolaketa; eta teknologia eta prozesuak.
Berrituz lan egin
Hemendik aurrera, berrikuntzaren talde sustatzaile batek, lan-eremu horietako bakoitzean eskarmentua eta erantzukizuna duten pertsonez osatuak, lehentasunak eta irizpideak ezarriko ditu; kanpo-aukerak barnebeharrekin lotuko ditu; berrikuntza bakoitzerako lantaldeak eta pertsonak hautatuko ditu; sortutako guztia dokumentatzen, neurtzen eta ezartzen dela ziurtatuko du; eta inpaktua emaitzekin ebaluatuko du. Gainera, berrikuntza-proiektu bakoitzari ezagutza teknikoak eta ingurune naturalean hedatzeko benetako gaitasuna dituen profesional-talde bat esleituko zaio.
Ideietatik irtenbideetara
Azken helburua da ideiak benetako irtenbide bihurtzea. Horretarako prozesuan, erronkak identifikatu, prototipoak diseinatu, ingurune kontrolatuetan probatu, inpaktua neurtu eta beharrezko egokitzapenak egingo dira, berrikuntza ezarri, sistematizatu eta transferitu aurretik. Era berean, sortzen ditugun ekintza eraldatzaileak barruan eta kanpoan ezagutaraziko ditugu; berrikuntza ez dadila tiradera batean hil.
Hala, berrikuntza ez da izango ez ustekabekoa ez anekdotikoa, gure ohiko lan-moldea baizik. Profesional bakoitzak galdera hauei erantzun ahal izateko: Zertan izan naiteke hobea hil honetan? Zer hobetu dut denboraldi honetan?

