Gure familien partaidetza asoziatiboa sustatzen dugu

2022/01/04

Prestakuntza eta partaidetza eskaintza birkonfiguratu dugu, familia-bizitzaren kalitatea eta kide bakoitzaren ongizatea hobetuko duten laguntzak emateko

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Gure 2021-2023 Plan Estrategikoaren erronketako bat, barnegarapenari lotutakoa, elkarteak indartzera eta adimen desgaitasuna duten pertsonak ahalduntzera dago bideraturik, eta haren barruan bildutako estrategien xedea da gure oinarri sozialaren babesa eta pertenentziasena indartzea eta erabiltzaileen lidergoa sustatzea. Helburu horrekin, familien prestakuntza eta partaidetza eskaintza birkonfiguratu dugu, eta ekintzen proposamen bihurtu dugu. Ekintza horien helburua da familiei bizitzako etapetan laguntzea, betiere familia kide guztien multzotzat hartuta.

Haien kezkei erantzuteko eta kide bakoitzaren bizi-kalitatea ez ezik ongizatea ere sustatuko duten lagun tzak emateko, familia babessare natural gisa hartzen duen ikuspegia plan teatzen dugu. Familia bakoitza bakarra da, bai eta pertsona bakoitza ere. Familiak harreman-sistema bat dira, eta kide bati gertatzen zaionak gainerakoei eragiten die. Familia da zaintzaren, arretaren eta laguntzaren hornitzaile nagusia.

Horregatik, Gorabiden lagunza eskaintzen diegu familiei, eta babesa ematen diegu beren gaitasunak sendotzeko eta beren funtzioak ahalik eta modu egokienean garatzeko, guztia ere familia-bizitzaren kalitatea hobetzen laguntze aldera. Horretaz gainera, ahalegina egiten dugu elkarte-mugimenduko beste pertsona batzuekin lotzeko eta elkartean zein komunitatean parte hartzeko bideak errazteko duten beharrari erantzuteko. Hori horrela, familiak laguntza jaso dezake edo beste batzuei lagundu.

Programak eta jarduerak
Hainbat aukera eskaintzen ditugu partaidetza asoziatiborako: elkarri laguntzekoak (esperientziak, emozioak, zalantzak eta abar partekatzea), prestakuntza/informazioa ematekoak, ludikoak eta gizartea eraldatzekoak. Horietako batzuek lehendik egiten zirenen ezaugarriei eusten diete, eta beste batzuek, ostera, formatu eta dinamika berriak dituzte.

Hala, Zurekin Programak laguntza eskaintzen die familiei, web-solasaldien, topaketen, tailerren, banakako orientazioaren, elkarri laguntzearen eta abarren bidez. Ongizate Programak garapen eta ongizate pertsonalerako tresnak proposatzen ditu, norberaren zaintzaren bidez, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan. Autogestio-programak adimen desgaitasuna duten pertsonen taldeak egituratzen ditu, beren intereseko gaiei buruz eztabaidatzeko, erabakitzeko aukerak areagotzeko, autonomia pertsonal eta sozial handiagoa lortzeko eta bizitza asoziatiboan parte hartzeko.

Bere aldez, gizartea eraldatzeko programak adimen desgaitasuna duten pertsonen ahalduntzea eta lidergoa sustatzen eta bultzatzen du, gizarte-aldaketen eragile gisa kokatzen dituzte pertsona horiek ekintzetan, bizi-esperientziagatik adituak diren heinean. Hemen sartzen dira Goratu, Pertsona Irisgarriak eta Oztopoak Hausten programak, bai eta Irisgarritasun Kognitiboko Plana ere.

Partaidetza asoziatiboari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu gure webguneko atala gorabide.com/partaidetza-asoziatiboa.