“20. urteurrena ez dugu nahi bezala ospatu, baina zerbait egin ahal izango dugu, behintzat; ezer ez egitea baino hobe”

2021/01/18

Gure autogestore taldeen hiru sortzailek 2020an haien bi hamarkadak nola ospatu zituzten eta garai horretan zer aldatu den errepasatu dute

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Federico Gil, Joseba Alberdi eta Patxi Gonzálezek nabarmendu nahi izan dute adimen desgaitasuna duten pertsonek eta beren senideek pandemia osoan erakutsitako erresilientzia. Gorabideko autogestore aitzindarietakoak dira, eta, urte beltz honetan, ez dute talde horien 20. urteurrena ospatzeko ia aukerarik izan. Talde horien bidez, elkartu egiten dira eta solas egiten dute, beren kezken, eragiten dieten gaien, eta erabakiak beren kabuz hartzeko eta gizarte eta elkarte bizitzan parte hartzeko dituzten aukeren inguruan.

“Aurrez aurre azaltzea gustatuko litzaigukeen, prestatuta genituen ekitaldi guztien bidez”, azaldu du Fedek. “Bai, baina ekitaldi bat egin genuen Alondegian, jenderik gabekoa izan arren –Gorabide Eguna 2020 eta autogestio taldeen 20. urteurrena ospatzeko–, eta bideo bat ere egin dugu”, zehaztu du Josebak. “Bai… ez izan dugu nahi bezala ospatu, baina zerbait ahal izango dugu, behintzat; ezer ez egitea baino hobe”, adierazi du Fedek gero. “Eta urtebete edo beharrezko denbora pasata, behar den moduan ospatuko dugu, pandemiaren ostean”, esan du Patxik.

Lehenengo urratsak
Lehen aldiz elkartu zirenean, Josebak 19 urte zituen, Fedek 35 eta Patxik 36. “Nik uste nuen ez genuela askorik iraungo”, onartu du Patxik. “Baina hobetu egin dugu, eta gero eta jende gehiagori interesatzen zaio hau”, esan du. “Nik ere ez nuen uste heldu garen punturaino helduko ginenik, hainbesteko autonomia izango genuenik eta geure kabuz erabakiak hartu ahal izango genituenik”, adierazi du Fedek.

20 urteotan, autogestio taldeetan izandako hazkunde-prozesuari esker, hainbat lorpen nabarmentzen dituzte. “Niretzat, Goratu Programa: ez nuen uste prestatzaile izatera helduko nintzenik”, esan du Fedek. “Adimen desgaitasuna dugun pertsona guztiok botoa emateko eskubidea izatea”, esan du Patxik. “Niretzat, per tsona nagusien egoitza batean eta Bilbao Triathlon ekitaldian boluntario-lana egitea”, adierazi du Josebak.

Une bereziak
Lorpen sozialez gain, une bereziak bizi izan ditugu bi hamarkada hauetan. “Gorabideren 50. urteurrena ospatu genuenean, autogestoreen arteko topaketa bat antolatu genuen Guggenheim Museoan”, esan dute Patxik eta Fedek. “Eta Santanderren topaketa bat egin genuenean –bosgarrena–, Plena Inclusión Cantabria elkarteko autogestoreekin”, gehitu du Josebak.

Etorkizunera begira, Patxik zera adierazi du: “garrantzitsua da oraindik ere ukatzen zaizkigun gauzengatik borroka egitea”. “Gizartean gure presentzia handiagoa izateko”, gehitu du Josebak. Fedek zera adierazi du, gainera: “prest gaude lekukoa ondorengo belaunaldiei pasatzeko, eta ziur ez zaiela damutuko”.