Gure erabiltzaileak, gizarte-eraldaketako eragileak

2023/03/01

Esperientziagatik duten aditu-rola dela eta, adimen desgaitasunari eta horrek dakartzan errealitateei buruzko ikuspegia ematen dute, gure Goratu, Pertsona Irisgarriak, Oztopoak Hausten eta Irisgarritasun Kognitiboko Planaren bidez

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

2022. urtean, adimen desgaitasuna duten pertsonek osatutako eraldaketa sozialerako gure taldeak 60 sentsibilizazio eta prestakuntza-saio egin zituen Bizkaiko 26 ikastetxetan. Ia 1.700 lagunek ezagutu, entzun eta hitz egin zuten gure elkarteko bost lagunekin, eta, haiei esker, aurrerapauso handia eman zuten adimen desgaitasuna duten pertsonak gehiago ulertzeko eta onartzeko, eta kolektibo horri buruzko aurreiritziak eta ideiak ezabatzeko.

Gorabideren helburuetako bat eraldaketa sozialean laguntzea da, adimen desgaitasuna duten pertsonen jabekuntza, lidergoa eta parte-hartze aktiboa eta inklusiboa sustatuz aldaketa horien eragile aktibo gisa kokatzen dituzten ekintzetan, esperientziagatik aditu diren aldetik.

Hala, gure Goratu, Oztopoak Hausten eta Pertsona Irisgarriak programen bidez, talde horrek bere errealitatearen zati handi bat erakutsi zien lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei, lanbide-heziketakoei, unibertsitate-ikasleei, baita hezkuntzako eta osasuneko profesionalei, profesional soziosanitarioei edo zerbitzuetako profesionalei eta boluntarioei ere.

Gainera, gure Irisgarritasun Kognitiboaren Planaren bidez, elkarteko hamabost erabiltzailek hainbat ingurune ulergarriago bihurtzen lagundu zuten, EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren Aniztasun eta Hiri Mugikortasuneko azterlanean lagunduta, eta Bilboko Udalarekin lankidetzan, udal-zerbitzuetako informazioa eta arreta aztertzeko.

Eraldaketarako agenteak
Enara Martínez gure Goratu programaren hezitzailea da. “Hitzaldiak ematea asko gustatzen zait, eta ondo sentitzen naiz, oso polita delako”, adierazi du. Gehien gustatzen zaidana hauxe da: “Neskek eta mutilek asko parte hartzen dutenean eta galderak egiten dituztenean, eta esaten dutenean kontatzen diedana originala dela eta praktikan jarriko dutela”, azpimarratu du. “Asko eskertzen dut haiei ikasten laguntzea”, dio.

Bere aldetik, Kepa Oyarzabal trebatzailea da gure Oztopoak Hausten programan eta, esaten duenez, “eskertuta nago aukera honengatik eta hain gauza politetan parte hartzeagatik”. “Gustura nago –gaineratu du–, eta gero eta gehiago; esperientzia berria da niretzat, eta oso harro nago hitzaldiez”.  “Ez da berdina nire bizitzaz nik kontatzen diedana edo beste pertsona batek konta diezaiekeena. Gainera, haurrek galdera asko egiten dizkidate eta irakasleen tratua oso ona da”, nabarmendu du.