Areto-futbola, errugbia eta pilota egiten dugu berriz

2021/06/01

Segurtasun-neurri guztiak mantenduz, gure Astialdi Zerbitzuak kirol jarduerak hasi ditu berriz

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Kirola onuragarria da osasunerako, baina ez hori bakarrik; dibertigarria da, eta sozializaziorako oso lagungarria. Eta hori guztia oso garrantzitsua da egungo egoeran, hainbeste hilabeteko pandemiaren ondoren. Hori dela eta, gure Astialdi Zerbitzuak kirol-jarduerei berriz heltzeko ahalegina egin du, betiere, covid-aren aurkako neurri guztiak hartuta.

 

 

 

 

Pandemiaren ondorioz urtebete baino gehiago geldirik egon ostean, errugbian eta pilotan aritzen ziren gure Astialdi Zerbitzuko erabiltzaileek entrenamenduak hasi ahal izan dituzte berriz ere, dagozkion segurtasun-neurri guztiekin, eta kirola eginez berriz elkarrekin egotearen emozioa eta pozarekin.

Itzulera martxoan, apirilan eta maiatzan
Lehenak Bidebieta Pilota Talde inklusiboko parte-hartzaileak izan ziren, izan ere, martxoaren amaieran beren jarduera hasi zuten, Basauriko San Migeleko pilotalekuan.

Bestalde, Universitario Bilbao Rugby taldeko kide diren zortzi pertsonek beren ostiraletako entrenamenduei ekin zieten, Errekaldeko Kiroldegian, apirilaren erdialdean.

Eta areto-futboleko gure hiru taldeak aurrez aurreko saioekin hasi ziren berriz maiatzaren amaieran, Deustuko kiroldegian. Sei pertsonako burbuila-taldeetan antolatu dira, ordutegi ezberdinetan.

“Talde moduan sentitzen”
Iñaki Gallarretak, Universitario Bilbao Rugby taldeko kideak, bere sentsazioen berri eman digu, entrenamenduei berriz ekin dietela eta: “Geldialdiak apur bat hotz utzi ninduen. Hilabeteotan ariketa apur bat egin dut etxean, baina lehenengo saioak gogorrak izaten ari dira, denok gabiltza antzera, martxa hartzea falta zaigu”.

“Baina pozik nago itzultzeaz. Lehenengo egunean, entrenatzaileek hitzaldi bat eman ziguten eta apurka-apurka talde moduan sentitzen hasi gara berriz. Ilusioz nago”. Iñakik kirol hau pro- batzera animatu nahi du jendea: “Nik mito asko nituen errugbiaren inguruan, baina praktikatzen hasi nintzenean konturatu nintzen ez zirela egia. Uste nuen oso kirol oldarkorra zela, baina kidetasuna eta errespetua aurkitu ditut. Jende guztia animatuko nuke kirol hau eza- gutzera”.


 
“Itzulera oso ondo joan da”
Tana Fernández, Bidebieta Pilota Taldeko kideak, pozez berreskuratu ditu pilota entrenamenduak: “Konfinamendua zela eta, ezin nintzen nire herritik irten, eta orain Basaurira noa entrenatzera; askoz hobeto. Jendearen falta ere somatzen nuen, batez ere entrenatzailearena”.

“Ondo egon da berriz elkar ikusi eta agurtzea, hainbeste denboraren ondoren. Eta maite dut pilota; egiten dugun guztia, esku-pilota, pala, partidak… Asko ikasten da, eta zerbait desberdina da, lehen ezagutzen ez nuena. Asko gustatzen zait”.


 

 
“Pena bakarra izan da talde osoa elkarrekin ezin egotea”
Gorka Pelaz, areto-futboleko taldeetako bateko kideak, entrenamenduekin hasteak ekarritako sentsazioak kontatu dizkigu: “Poztu egin nau berriz hasteak, hainbeste denboran geldirik egon ostean… baina pena eman zidan talde osoa elkarrekin ezin egoteak. Fisikoki, sentsazioak onak izan ziren, ondo ikusi nuen nire burua; ez dakit nola ikusiko ninduten entrenatzaileek”.

“Denbora honetan, igandeetan ‘zoom’ bidez konektatuta egon naiz taldearekin. Hasieran ez nekien nola egin, baina arrebak lagundu zidan, eta ondo. Elkar ikusi eta harremana mantentzeko balio izan digu. Ea datorren ikasturtean normaltasunez entrenatu dezakegun”.