Gure BBK SAIOA GORABIDE taldeko informazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-deialdi bat onartu du, 2026. eta 2027. urteetarako, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen autonomia pertsonala hobetzeko eta haien egunerokotasuna errazteko, Gizatek programaren bidez laguntzaproduktuak eskainiz. Dirulaguntzak %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duten edo mendekotasun-egoeran dauden eta Bizkaian bizi diren pertsonentzat dira.
Laguntza-produktuak eguneroko bizimoduko jardueretan laguntzen duten gailu edo irtenbide teknikoak dira, hala nola gurpil-aulkiak, entzuteko edo ikusteko laguntzak, komunikaziorako produktuak, etxearen edo ibilgailuaren egokitzapenak… Katalogo ofizialean jasota daudenak eta Gizatek zerbitzuak aldez aurretik Egokitasun-txosten Tekniko baten bidez egokitzat jotzen dituenak baino ez dira diruz lagunduko.
Egoitzetan edo egoitza-erabilera kolektiboko zentroetan bizi diren pertsonek, edo halako batera bizitzera laster barru joango direnek, produktu jakin batzuetarako laguntzak bakarrik eskatu ahal izango dituzte: gurpil-aulkiak eta osagarriak; ikusteko, entzuteko edo komunikatzeko laguntzak; irakurtzeko eta idazteko produktuak; gailu informatikoak; eta beren garraio pertsonalerako ibilgailuen egokitzapenak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa bizikidetza-unitatearen diru-sarreren araberakoa da, eta produktuaren kostu osoa edo zati bat ordain dezake, ezarritako mugen barruan. Laguntza eman ondoren, onuradunak lau hilabeteko epea du fakturak eta ordainagiriak aurkezteko. Fakturak bere izenean egon behar dira, eta ordainketak ezin dira eskudirutan egin. Bizkaiko Foru Aldundiak, dokumentazioa aztertu eta, hala badagokio, behar bezala egokitzen dela egiaztatu ostean, dagokion dirulaguntza ordainduko du.
BBK SAIOA GORABIDE
administracionsaioa@gorabide.com
Tel. 94 453 90 86

