Gure boluntarioen artean, beste herrialde batzuetako ikasleak daude, haien egonaldia laguntzeko baliatzen dute

Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren harira, ikasketak gure aisialdiko eta gizarte-partaidetzako taldeetan laguntza boluntarioarekin uztartzen dituzten bi pertsona bildu ditugu. Baina berezitasun batekin: aldi baterako daude Bizkaian. Ester Italiatik etorri da. Ryo, Japoniatik.
Ryo: Ni Okinawakoa naiz, Japonia eta Txina artean dagoen uharte txiki batekoa. Eta iazko abuztuan etorri nintzen, gaztelania ikasteko.
Ester: Ni Medicinatik nator, Boloniako probintziako herri txiki batetik. Eta aurtengo irailetik nago hemen, sei hilabeteko erasmusa egiten.
Ryo: Hona iritsi nintzenean, ez nuen inor ezagutzen eta gaztelania ez nuen ondo hitz egiten. Eta pentsatu nuen pixka bat integratzeko modu bat boluntario aritzea zela. Baliagarria izan nahi nuen. Eskolako irakasleak Gorabideri buruz hitz egin zidan, eta beste ikasle batek ere, Lanitak, Txinakoa bera, boluntario dihardu hemen. Horregatik erabaki nuen etortzea, atea jotzea.
Ester: Nik ere harreman apur bat handiagoa izan nahi nuen hemengo jendearekin. Eta, Italian boluntariotza-esperientzia bat izan nuenez, pentsatu nuen: “Beno, irtenbidea berriro boluntario jardutea izan daiteke”. Interneten Gorabideri buruz irakurri eta laguntzeko idatzi nuen.
Ryo: Ni oso-oso pozik nago. Jarduerara joaten naizenean, erabiltzaileek asko animatzen naute. Ibai esaten didate; “río” euskaraz dela, ezta? Eta integratuta sentitzen naiz, apurtxu bat bada ere. Berdinak gara. Nahiz eta denek ezaugarri ezberdinak izan eta nik ondo hitz egin ez, talde bat gara guztiok. Gozatzera goaz.
Ester: Oso giro alaia da. Lehenengo egunetik konturatu nintzen horretaz. Ez naiz gutxiago sentitzen hiruzpalau aste besterik ez daramadalako. Jendearekin egoteak, hitz egiteak, asko pozten nau. Haiek beren esperientziak kontatzen dituzte, zer egin nahiko luketen… nire bizitzaz ere galdetzen didate. Eta atsegin dut denekin komunikatzeko modu hori.
Ryo: Hemengo jendearen bereizgarrietako bat da, oso lagunkoiak. Eta ez dago hain alde handia desgaitasuna duten eta ez duten pertsonen artean. Justizia gehiago dago, berdintasun gehiago. Nire herrialdean, agian, distantzia handiagoa dago pertsonen artean.
Ester: Italian, boluntariotza ez nuen giro komunitarioan egiten, hemen ez bezala. Eta faktore honek alde handia egiten duela uste dut. Gustatzen zait Gorabide guztion gizarte-inklusioa ahalbidetzeko ahalegintzen dela, naturaltasun sinestezinez.

