Parte-hartzeko praktika egokiak

2018/12/05

Komunitatean parte hartzeari buruzko Plana fruituak ematen ari da; beste erakunde batzuekin sortutako lankidetzaz gain, praktika egokiak ere izan dira

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Gure zentroetako erabiltzaileek 24 lankidetza burutu dituzte inguruko erakundeekin, Komunitatean parte hartzeari buruzko Planaren bigarren fasearen baitan. Plan horren bidez, lankidetza modu landuagoak ere lortu nahi ditugu, beste pertsona batzuei zuzendutako jarduerak antolatzeko, desgaitasunarekin loturarik ez daukaten erakundeekin batera. Ekimen horien guztien artean, hiru nabarmendu nahi ditugu, gure elkartearen zentro guztietara zabaltzeko daukaten aukeragatik: Lanestosan daukagun Isasti Egoitzaren eta Aemeten arteko aliantza; Ondarroako egoitzak udal lantalde batean parte hartzeko daukan aukera; eta Gueñesen ditugun etxebizitzak eta egoitzak herrian burututako sentsibilizazio kanpaina.

Aemetekin lankidetza
Isasti egoitza Aemetekin harremanetan hasi zen Lanestosan egindako euri kopurua kontrolatzeko plubiometro bat jarri zutenean; ordutik, harremana garatzen joan da eta estazio meteorologiko bat jarri dute tenperatura eta gainerako baldintza meteorologikoak neurtzeko, hilerohilero Aemetera bidaltzen direnak. Gainera, erabiltzaile batek txantiloi informatiko batean jasotzen du informazio hori eta egoitzaren sarreran, herriko markesinan eta Udalaren iragarki oholean jartzen du. Udalera ere bidaltzen da, webgunean eta Facebookeko orrian jar dezaten.

Ondarroan parte-hartzea
Bestalde, Ondarroako egoitzak, beste tokiko erakunde batzuekin batera, Ongizate Batzordea izeneko udal lan-taldean parte hartzen du. Horren bidez, herri edo eskualde mailako gaiak lantzen dira, bai dagoeneko ditugun baliabideei dagokienez, baita beharrizan berriei dagokienez ere. Ekimen horren bidez, beste talde batzuekin aliantzak sortu eta proiektuak garatu daitezke; Udal Agendan jasotzen dira eta Udalak horien berri ematen du. Esaterako, boccia inklusiboaren inguruko hainbat jardunaldi egin dira herriko ikastetxeetako ikasleekin, eta ‘Danon Ondarru’ izeneko udal kanpaina.

Sentsibilizazioa Gueñesen
Gueñesen ditugun etxebizitza eta gure Arangoiti Egoitzaren kasuan, sentsibilizazio kanpaina bat sortu da, Udalarekin eta tokiko beste erakunde batzuekin batera. Helburua zera da: adimen desgaitasuna duten pertsonen irudi erreal, inklusibo eta aktibo bat erakustea, zentro bietako erabiltzaileen presentziaren bidez. Ekimen honek lagunduta, kontaktu sare bat sortu dugu erakundeekin, hala nola Galdotxa Arana edadetuen elkartea, Gueñesko Kultur Aretoa eta beste elkarte batzuk. Eta Udalak gure erabiltzaileetako batzuk kontuan izan ditu udal mailako jardueretarako, hala nola Euskara Planari bultzada ematea.