Hitzarmen Rural Kutxarekin, bikaintasun profesionala bermatzeko

2026/03/24

Lankidetzari esker, abangoardiako lanbide-garapenerako zentro bat garatu ahal izango da, gizarte-arloko esku-hartzean ezagutza espezializatuaren fluxua ziurtatuko duena

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Rural Kutxa Gizarte Ekintzak eta Gorabidek lankidetza-hitzarmena izenpetu dugu laguntza eta bikaintasun profesionalerako zentro bat garatzeko Bilbon. Helburua da adimen desgaitasuna duten pertsonentzako eta haien familientzako banakako laguntzen horniduran ezagutza espezializatuaren fluxua ziurtatzea. Baita ikaskuntza praktikorako komunitateak sortzea, laguntza-teknologien erabilera sustatzea eta elkarlaneko tresnak erabiliz jardunbide egokiak zabaltzea ere.

Ekintza honekin, bi erakundeok aurrerapauso handia egin dugu sektorean gaitasun profesional bikainak bermatzeko. Hala, Rural Kutxako Gizarte Ekintza Gorabidek adimen desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko duen helburuarekin konprometitu da.

Hitzarmenak urteroko indarraldi luzagarria izango du, Rural Kutxako Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren barruan. Apustu honek agerian uzten du zer-nolako garrantzia ematen dieten erakunde biek berariazko gaikuntzari adimen desgaitasuna duten pertsonei begirako gizarte-arloko esku-hartzean eta laguntza pertsonalean, haien bizi-kalitatea, autonomia pertsonala eta bizimodu independenterako laguntza sustatzeko.

Konpromisoa eta eskerrak
Rural Kutxako Gizarte Ekintzako Juan Mari Ayechuren esanetan, “gure helburuen artean ongintza, hezkuntza, kirol, zientzia, kultura, ingurumen eta sustapen ekonomiko zein profesionalaren esparruetako gizarte-ekintza ugari egitea dugu. Oso konprometituta gaude euskal herritarrekin, haien aurrerapena bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, kolektibo kalteberenei arreta berezia jarrita; eta hori geure programen, aliantza estrategikoen edo hirugarrenekin hitzartutako lankidetzen bidez egiten dugu”.

Bestalde, Gorabideko presidente Susana Gorbeñak honako hau adierazi du: “Gorabide osatzen dugun familien eta profesionalen izenean, biziki eskertu nahi dut Rural Kutxak, gaikuntza profesionalaren bidez, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzak hobetzeko egindako apustua. Baita hasiera-hasieratik proiektu ilusionagarri hau gauzatzeko eman dituen erraztasunak ere”.