Oporrak baino askoz gehiago

2026/08/27

Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza jasotzen duen udako programak aurrera jarraitzen du adimen desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea sustatzen

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Uda honetako oporrek

leku politez eta jarduera dibertigarriez gozatzeko.

aukera eman dute

Baina, horrez gain,

adimen desgaitasuna duten pertsonek

leku eta jarduera horiek inklusiboagoak izaten

laguntzeko aukera ere eman dute.

Udako programa hau

Bizkaiko Foru Aldundiari eta boluntarioei esker

gauzatu da.


 

Salou, Comarruga, Bartzelona, Gijón, Oviedo, Lardero, Burgos, Laredo, Santander edo Hondarribiko turismo-gune ezagunenak. Leóngo ‘Ametsen Basoa’. Getxoko kostaldea, Salburuko hezeguneak, El Pobaleko Burdinola, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa, San Mames eta Athleticeko Museoa edo Bilboko itsasadarra. Gune horiek guztiak adimen desgaitasuna duten pertsonen inklusiorako eta gizarte-partaidetzarako topaleku bihurtu dira uda honetan, gure udako programari esker.

Aurten, gure udako programan parte hartu duten adimen desgaitasuna duten 282 pertsonek eta 113 boluntarioek zortzi eguneko 13 bidaietako bat egin dute hainbat helmugatara, edo Bizkaian eta inguruko lurraldeetan antolatutako irteeretan parte hartu dute. Baina hori ez da dena. Gizarte-partaidetza ere sustatu da, komunitate-ingurunea eraldatzen laguntzeko aukerak eta espazioak bilatuz, bai espazio eta baliabide publikoetan duten presentzia inklusiboaren bidez, bai horietan eragina duten ekintzen bidez.

Oporrak bizitzeko modu horrek adimen desgaitasuna duten pertsonen gizarte-partaidetza sustatzeko gure ildo estrategikoari erantzuten dio, are eta gehiago bultzatuz haien presentzia eta ekarpena, betiere baldintza berdinetan. Horrela, pertsona bakoitzarentzat esanguratsuak diren esperientziak sortzen ditugu, eta inklusiorako baliabideak eta aukerak sustatzen laguntzen dugu, berdintasunetik eta aniztasunarekiko errespetutik abiatuta.

Partaidetza-lantaldea
Udako programaren antolaketan bertan, adimen desgaitasuna duten pertsonen lankidetza izan dugu, partaidetza-lantaldeen bidez. Adibidez, bideo bat egin dute boluntariotzan parte hartzera animatuz, bai eta partaide bakoitzak bete duen gogobetetasun-inkesta bat ere.

Aldundia eta boluntariotza
Programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza du. Aisialdijardueren bidez, komunitatean autonomia, inklusioa eta parte-hartze aktiboa sustatzea du helburu. Eta hori guztia posible da boluntariotzaren ezinbesteko ekarpenari esker.