Irisgarritasun Kognitiboa

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Gorabideren Irisgarritasun Kognitiborako Planaren helburua da komunitateko zerbitzuak ulergarriagoak eta adeitsuagoak izatea pertsona guztientzat. Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu inklusiboan parte hartzen dute, irisgarritasun unibertsalarekiko konpromisoa duten eta irisgarritasuna hobekuntza eta konpromiso soziala lortzeko baliabidetzat ikusten duten erakunde publiko eta pribatuetako pertsonekin batera osatutako lantaldeetan.

Hartara, ingurune irisgarriak eta adeitsuak baloratzeko sistema bat garatu genuen, adimen desgaitasuna duten pertsonek berez zuzentzen zutena, eta horren bidez, komunitateko eremuen irisgarritasun kognitiboa baloratzeko gida praktikoa gauzatu genuen. Gida horri jarraikiz, Gorabideren erabiltzaileek espazio eta zerbitzu bakoitzak irisgarritasun kognitiboaren arloan dituen beharrak ebaluatzen dituzte, eta irtenbideak aztertu. Ebaluazio horretatik, ulermen-zailtasunak dituzten guztiei laguntzen dieten neurriak sortzen dira, zailtasun horiek adimen desgaitasunak, eskolatze eskasak, prestakuntza kultural txikiak, hizkuntza ez ezagutzeak, dislexiak nahiz zahartzaroak eragin.

Ekintzen helburua ez da jardunbide ez oso inklusiboak dituzten inguruneak ikuskatzea edo zigortzea, baizik eta aditu garen heinean gure laguntza eskaintzea, zerbitzu esanguratsuen barnean gizartearen gainerako alderdietara hedatuko diren aldaketak txikiak sustatzeko asmoz.

IRISGARRITASUN KOGNITIBOAREN GAINEAN EGINDAKO JARDUERAK

  • Hitzarmena Bizkaiko Batzar Nagusiekin, Enkarterrietako Museoaren oztopo kognitiboak ezabatzeko (2013).
  • Museo inklusiboei buruzko jardunaldia, Bizkaiko Batzar Orokorrarekin eta Enkarterrietako Museoarekin elkarlanean eta desgaitasunaren eta kulturaren eremuan lan egiten duten erakundeen parte-hartzearekin (2013).
  • Hitzarmena Guggenheim Bilbao Museoarekin, irisgarritasun kognitiboa lortzeko (2014).
  • Enkarterrietako Museoarekin lankidetzan aritzea, bertako eskaintza kulturala kognitiboki irisgarria izan dadin, irakurketa erraztuz, QR kodez eskuratzen diren audioak ezarriz, etab. (2015).
  • Ulertzeko zailtasunak dituzten taldeei egokitutako audiogida sortzea, Guggeheim Bilbao Museoarekin elkarlanean.
  • Teknologiaren bidez irisgarritasun kognitiboa lortzeko proiektua, Bilboko Itsasmuseum-arekin batera (2016).
  • Eusko Jaurlaritzaren “Irekia†herritarren partaidetzarako webgunearen egitura sinpletzeko, nabigazioa errazteko eta irakurketa errazeko albisteak txertatzeko aholkularitza (2017).
  • Astra Gernika kulturarako fabrika sozialaren informazio-euskarriak kognitiboki egokitzea (2017).
  • Bilboko Udalarekin lankidetzan aritzea, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planerako eta Aste Nagusia irisgarri egiteko ideiak emanez (2018).
  • Gorabide Irisgarritasun Kognitiborako Hiri Zirkuitua, museo baten, bolatoki baten, antzoki baten eta hiria ezagutzeko bisita gidatu baten informazioa ebaluatzeko (2018).
  • Pertsona Irisgarriak programa, BBKrekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Guggenheim Museoarekin, Itsasmuseum-arekin, Bilboko Metroarekin, Kutxabankekin eta Euskaltelekin batera (2018).
  • Durangoko Azokaren irisgarritasun kognitiboa hobetzea, Gerediaga Elkartearekin elkarlanean (2019).
  • Etxeko hondakinetarako edukiontzien prototipoen irisgarritasuna aztertzea, Deustuko Unibertsitatearen Deusto Cities Lab Katedrarekin batera (2019).
  • Bizkaiko hotelen irisgarritasun kognitiboa ebaluatzea, Deustuko Unibertsitatearekin eta in2destination turismo-aholkularitzarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat (2020az geroztik).
  • Metro Bilbaok eta Oncek ahoz lagundutako erosketa errazerako sistemaren irisgarritasun kognitiboa aztertzea.

Horrez gain, irisgarritasun kognitiboaren arloan sartu zenez geroztik, Gorabidek irakurketa errazera egokitu ditu adimen desgaitasuna dutenentzako materialak, eta erabiltzailez eta langilez osatutako lantaldea ere osatu du egoitzetako batean, zentroko irisgarritasun kognitiboa ebaluatzeko eta hobetzeko.

Halaber, 2018az geroztik, Gorabideko profesionalek eta erabiltzaileek hiru saiotako modulua ematen dute irisgarritasun kognitiboari buruz, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Inklusioa eta Desgaitasuna Masterrean. Era berean, sei ordutako ikastaroa eman genien unibertsitate bereko irakasleei eta ikertzaileei eta Administrazioaren eta Zerbitzuen sailetako langileei, eta saioak eskaini genituen hainbat hezkuntza-zentrotan.

Esku-hartze horiek guztiak proiektuaren gakoen adierazgarri dira: komunitateko beste erakunde eta eragileekin elkarlanean aritzea eta adimen desgaitasuna duten pertsonak gaian duten esperientziarengatik aditutzat aritzea.


Informazio gehiago:
Emma Ballús, partaidetza asoziatiboaren arduraduna
emmaballus@gorabide.com
Tel. 94 443 12 10