Lantegi Batuak beste aurrerapauso bat eman du dibertsifikazioaren bidetik, Naia proiektuaren bidez

2018/07/24

Kontsumitzeko prest dauden entsalada eta barazki freskoak merkaturatuz hasiko du bere jarduera, Bizkaiko 7 ustiategi ekologiko hornitzaile dituela

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Naia proiektuaren bidez, Lantegi Batuak erakundeak aukera berri bat sortu du, ekologikoki ekoitzitako barazki eta entsaladen bidez. Horrela, nekazaritza praktika iraunkorrak eta urritasuna duten pertsonen laneratzea uztartuko ditu. Lehen fasean, 14 lanpostu berri sortuko dira eta 2 urtetan 20 izatea aurreikusi da. Jarduera honi ekiteko unean, Naia produktu freskoak Bizkaiko 7 ustiategi ekologikotan ekoizten dira. Zeberio, Artea, Loiu, Mungia eta Gamiz/Fikan kokatutako guneak dira. Produktuak ontziratzeko, konpostatu daitekeen bioplastikoa erabiliko da. Laugarren gamako barazki eta ortuariak dira, hautatuak, moztuak, garbituak eta kontsumitzeko prest, inolako gehigarririk, kontserbatzailerik edo tratamendu termikorik gabe.

Lehenengo erreferentziak entsaladak, letxugak, eskarolak, espinakak eta zerbak izango dira; horiek merkaturatzen hasiak dira dagoeneko, eta apurka-apurka beste produktu batzuk gehitzen joango dira. Banaketa estatu osoan egingo da espezializazio (kontsumitzaileri saltzea) eta food service (sukaldaritza kolektiboa) bideetatik eta, laster, retail katean ere sartzea aurreikusi dugu (banaketa handia). naia.eus/eu/non-gaude

Lantegi Batuak-ek 700.000 euroko inbertsio osoa egin du Naia proiektua martxan jartzeko. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ, Eusko Jaurlaritza eta BBK Fundazioaren laguntza izan du. Ekimen hau abian jartzeko, Lantegi Batuak erakundeak lagun izan ditu AZTI Zentro Teknologikoa, produktuaren kalitate eta elikadura segurtasunaren inguruko aholkulari gisa; eta ENEEK, erakunde egiaztatzaile gisa.