Zer da adimen desgaitasuna?

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Adimen desgaitasuna ez da gaixotasun bat; bada izateko modu desberdina, munduan izateko bestelako egoera, batez bestekorearen azpitik dagoen funtzionamendu intelektualarekin batera doana. Funtzionamendu hau 18 urte bete aurretik agertzen da eta normalean ondoko egokitzapen-trebetasunen arloetako mugapen batzuekin batera existitu behar izaten da, alegia: komunikazioa, norbere zaintza, etxeko bizitza, trebetasun sozialak, komunitatearen erabilera, nork bere burua zuzentzea, osasuna eta segurtasuna, ikasketa-behar bereziak, aisialdia eta lana.

Mugapen berezi hauek ez dute pertsona bera izate-desberdintasun honekin izendatu behar, beste edozein pertsonarekin gertatzen den bezala, bestelako trebetasunetan dauzkaten puntu indartsu edota pertsonal abileziekin elkarbizitzen direlako. Behar den jarraipenaz laguntza egokia eskaintzen bazaio, adimen desgaitasuna duen pertsonaren funtzionamendu orokorrak kalitate oneko bizimodua garatu ahal du.

Funtsezko betebeharra da pertsonaren adinaren araberako mugapenak eta ahalmenak detektatzeaz gain, bere etorkizunari begirako asmoak ere ezagutzea; hauen arabera, pertsonaren bizitza adierazi eta azaltzen den arlo edota dimentsio bakoitzean beharrezko laguntzak eskainiko dira. Normalean, jarraipen batez eskaintzen diren laguntzei esker, adimen desgaitasuna duen pertsonak bere bizi-garapena hobetzen du.

Nola sortzen da?

Nahiz eta adimen-funtzionamenduan aldaketak, moldatzeko ahalmena, e.a. eragin ahal duten 750 genetika-sindrome ezagutu, oraindik gaur egun, azaltzen den kasurik gehienetan ez da ezagutzen adimen desgaitasuna sortzen duen arrazoia. Genetikaren arlokoak ez diren arrazoien datuak zailak dira zehazteko; haurdunaldian eman ahal dira, erditzean edota bizitzaren lehen urteen zehar.

Adimen desgaitasunaren agerpena ezin da elementu bakar batez zehaztu; Edozein pertsonengan bezala, norberaren gaitasunak baldintza desberdinen batuketaren ondorioz ematen dira, bai pertsonak berez dituenak (genetika-herentzia, beren izaeraren ezaugarriak modelatzen dituzten bizipen eta ikasketak,etab.), bai ingurumen fisiko eta gizartearekin duen harremanari dagozkionak eta baita harreman horri aurre egiteko dauzkan eta ez dauzkan baliabideak ere.

Adimen desgaitasuna, muga esanguratsuak dituen pertsona bat bere ingurunearekin elkarrekintzan aritzen denean adierazten da. Beraz, pertsona beraren eta inguruan dituen hesien edo oztopoen araberakoa izango da. Ingurunea bideratzaileagoa edo ez hain bideratzailea izatearen arabera, desgaitasuna modu batera edo bestera adieraziko da. Eta elkarreragin horretatik sortzen diren beharretan oinarrituz zehaztu ahal izango ditugu, beti ere adimen desgaitasuna duen pertsonaren beraren pertzepzioa kontutan izanda, zeintzuk diren momentu eta egoera bakoitzarekiko laguntzarik egokienak.

Adimen desgaitasunaz hitz egitean mugak azpimarratu beharrean, nabarmendu behar dira pertsona honek behar dituen laguntzak berezko, kalitatezko eta besteekiko harremanetan ematen den bizitza izan ahal dezan. Laguntza hauek pertsona beraren inguru-egokitzapenerako behar diren errekurtso eta estrategiak dira, bere ongizatea handitzeko asmoa dutenak. Laguntzak eskaintzeko behar den denboraren arabera, honela banatzen dira: noizbehinkakoak, mugatuak, zabalak edo orokorrak.

Zer ez da adimen desgaitasuna?

Adimen desgaitasuna ez da gaixotasun bat, ez eta afekzio edo akats bat ere, ez da pairatzen eta ez da pairatzen, ez da arazo ez minusbaliotasun bat, ez ezintasun bat, ez urritasun bat, ez atzerapen bat. Eta adimen desgaitasuna duten pertsonak ez dira ezinduak, ez elbarriak, ez eta urrituak ere, ezta errukarriak eta superpertsonak ere ez.