Gure hausnarketa estrategikoa egiteko prozesuan, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzetan aldaketak aurreikusten dituzten datuak antzeman ditugu
Adimen desgaitasuna duten pertsonentzat
aldaketak gerta daitezke datozen urteotan.
Adimen desgaitasuna duten pertsonak gero eta adintsuagoak dira
eta erdiek laguntza ugari behar dituzte.
Gehienek zerbitzu publikoak erabiltzen dituzte,
edo diru publikoa jasotzen dute.
Eta itxaronzerrenda oso luzea da.
Informazio honekin,
geure burua datozen aldaketetarako
prestatu ahal izango dugu.
Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizikalitaterako Planean (Bizkaiko Foru Aldundia), EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan (Eusko Jaurlaritza) eta gure Emerge Plus 2023 Txostenean jasotako datuen arabera, Bizkaian adimen desgaitasuna duten 5.584 lagun daude erregistratuta. Horien %55,48ren ebaluazioa larria edo oso larria da; %15,87rena, neurritsua; eta %28,65ena, arina edo oso arina. Generoari dagokionez, guztizkoaren %43 emakumeak dira. Eta horietatik %60k larri edo oso larritzat jotako desgaitasunen bat dauka.
Gizarte-zerbitzuak
Adimen desgaitasuna duten pertsonen %18k bakarrik dute lana; hortaz, Gizarte-zerbitzuak erabiltzen dituen kolektiboa da, gehienbat. %40k laguntza espezializatuak jasotzen dituzte, batez ere eguneko zentroetan edo egoitzetan. Eta %16k familia-inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoak jasotzen dituzte.
Adineko biztanleria
Adinpiramidea alderantzikatuta dago, adimen desgaitasuna duten pertsonen %64 44 urtetik gorakoa izanik. Hori dela eta, adimen desgaitasuna duten biztanleen kopurua txikiagotuz joango dela aurreikus daiteke, eta 2030ean gero eta murritzagoa eta oso zahartua izango dela.
Errealitatea Gorabiden
Gurean, ia 5.000 erabiltzaile ditugu, alegia, Bizkaiko Foru Aldundiaren erroldaren %89. Pertsona horietatik 475 gure egoitzasarean bizi dira, eta 248k gure eguneko zentroren bat erabiltzen dute. Eta 160 baino gehiago itxaronzerrendan daude, gehienak (%85) egoitzazentroetarako eta etxebizitzetarako plaza baten zain.
Zailtasun erantsiak
Adimen desgaitasuna izanik, Gorabideren laguntza jasotzen duten pertsonen %22k gaixotasun mentalen, adikzioen eta bestelako jokabide larrien diagnostikoak dituzte, gainera.
Zerbitzuen kudeaketa
Gure elkarteak Bizkaiko gizartezerbitzuen kudeaketan duen garrantziaren erakusle, eguneko arretaren %44 eta adimen desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzaplazen %40 kudeatzen dituela.
Sortzen ari diren beharrak
Datu horien ondorioz, eta gure Emerge Plus 2023 Txostenean jasotako eskaerak eta ekarpenak aintzat hartuta, datozen urteotarako sortuko diren hainbat premia zehatz daitezke. Nagusiki, bost alorrekin lotuak: erantzukizun publikoko zerbitzuetarako sarbidea, administrazioaren eta erakundeen arteko koordinazioa, zerbitzu berrien sorkuntza, egungoen hobekuntza eta hedapena, eta familientzako laguntzak. Aldaketei aurrea hartzea Informazio honek guztiak, gure erabiltzaileen demografiari buruzkoa eta beharko dituzten laguntzen gainekoa, etorkizunerako aurreikusten diren aldaketei aurrea hartzeko balioko digu.