“Errugbi inklusiboak berdinen artean lehiatzea ahalbidetzen du”

2024/11/10

Universitario Bilbao Rugby klubeko presidenteak kirol hau adimen desgaitasuna duten eta ez duten pertsonekin batzeak dakarren esperientzia balioetsi du

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Aisialdi eta Astialdian eskaintzen ditugun kirol-jardueretako bat Universitario Bilbao Rugby klubeko talde inklusiboan parte hartzea da. Lankidetza horri esker, gure elkarteko hamar erabiltzaile ostiral arratsaldeetan entrenatzen dira, Bilbon, eta Errugbi Inklusiboko Bultza Ligan parte hartzen dute, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste klub batzuekin batera.

Aitor Jauregi, Uni Bilbao klubeko presidente eta talde inklusiboko entrenatzaileetako batek nabarmendu duenez, “kirola egiteko eta sozializatzeko gunea da, berdinen artean partekatzeko aukera ematen duena, adimen desgaitasun aitortua izan ala ez”. “Klubaren parte da, gainerako atalak bezala, eta gure jokalariek ezagutu eta parte har dezaten sustatzen dugu”, adierazi du.

“Partidetarako deialdiak erdiz erdi osatzen dituzte” adimen desgaitasuna duten pertsonek eta ez dutenek. Eta hirugarren zatian –jokatu ondoren–, talde aurkariko jokalariekin lagun artean egonez lotura afektiboak sortzen dira. Hor familiek ere parte hartzen dute”, azaldu du.

Gehiago bidaiatu ahal izatea
“Inklusiboa federatua izatea besteak bezala erdiestea” eta “errugbi inklusiboko jardunaldi batean, Madrilen, Euskadi ordezkatzea, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko klubetako pertsonekin batera” lorpen nagusietako bi izan dira.

“Orain, bete beharreko helburu gisa, gehiago bidaiatzea gustatuko litzaiguke, beste talde batzuekin jokatzeko”, desideratu du.