“Komunitatean dugun parte hartze mailan aurrera egin nahi dugu”

2017/12/07

Gure zentroek proiektuak diseinatuko dituzte beste erakunde batzuekin batera antolatzen ditugun jarduerak gehiago izan daitezen

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Bigarren fasean sartu da zentroek komunitatean duten parte hartzea sustatzeko 2014an martxan jarri genuen plana, helburua zen adimen desgaitasuna duten pertsonek inklusio handiagoa izan dezaten euren inguruan. “Beste urrats bat eman nahi dugu eta aurrera egin parte hartze mailan, maila bat igo” azaldu dute gure laguntzen plangintza eta jarraipen taldekoek, haiek dira egileak.

Hiru urte hauetan, zentroek plana modu naturalean sartzen joan dira, horri esker euren burua aztertu dute, inguruko baliabideekin kontaktuan jarri dira, hitzarmenak egin dituzte, ingurukoekin harremanak izan dituzte eta modu aktiboan hartu dute parte. Horrek guztiak kirol probak, herriko jaietako batzordeak, elkartasun azokak edo elikagaiak batzea ekarri du, besteak beste.

Ingururako antolatu
Egiten dena zaintzeaz eta sustatzeaz gain, plan berriaren helburua da aurrera egitea parte hartze landuagoetarantz, beste kolektibo batzuentzako jarduerak ere antolatzeko, desgaitasunarekin loturarik ez duten erakundeekin lan eginez. Horretarako, zentroek proiektu bat diseinatuko dute hitzarmenak edo lankidetzak dituena inguruko erakundeekin eta erabiltzaileek parte hartzeko barneko taldeak dituena.

Zentro bakoitza bere unetik abiatuko da hiru urte hauetan egindako bidearen arabera. Horregatik, 2017an, orain arte egindako parte hartzeen ezaugarri eta emaitzei buruzko hausnarketa egin dute, eta udalerrian duten presentziari buruz ere bai. Eta 2018an eta 2019an hitzarmen edo lankidetza bidezko bi jarduera garatuko dituzte gutxienez. Horretaz gain, praktika onak partekatuko dira, barruko zein kanpoko parte hartzea dutenak.