Adimen desgaitasuna duten 190 pertsona eta 55 boluntario dituzten zortzi talde oporretatik itzuliko dira

2018/08/14

Gorabideko Udako Programaren txandarik handiena da. Bertan, 445 erabiltzailek eta 130 boluntariok bi astez gozatu dute hamabi leku turistikotan

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Gorabideko Astialdi Zerbitzuaren udako Oporren Programa joan-etorri handiagoko unean dago, zortzi txanda etorriko direlako. Horietan, adimen desgaitasuna duten 190 pertsonak eta 55 boluntariok bi astebetez gozatu dute, Oviedon, Larderon, Villanúan, Lizarran, Iruñean, Burgosen, Hondarribian edo Sanxenxon.

Gorabideko Astialdi Zerbitzuak eskaintzen dituen udako oporren 20 bidaietatik zortzik Indautxuko Jesuiten Ikastetxeko patioan bukatu dute, ikastetxeak bere instalazioak lagatzen dituelako helburu horretarako. Etorrera bakoitzean, senideekin elkartzean momentu hunkigarriak bizi dira, baita oporretako bi aste partekatu dituztenen artean agur esatean ere, besarkada, barre, negar eta kontrajarritako emozio ugarirekin.

Txanda honetan, uda osoko handienean, adimen desgaitasuna duten 190 pertsonak eta 55 boluntariok bi astez gozatu dute hainbat jarduerarekin: hondartza, igerilekua, ibilaldiak, txangoak itsasontzian, terrazak, museoetara eta kultura-interesguneetara bisitak, atrakzio-parkeak, ikuskizunak, piknikak, gaueko festa, urtebetetzeak… eta telebista edo mahai-jokoak eguraldia bat ez zetorrenean.

Bestalde, azken hiru taldeak goizean abiatu dira Oviedo, Lardero eta Zarautzera adimen desgaitasuna duten 60 pertsonarekin eta 25 boluntariorekin, eta abuztuaren 27an itzuliko dira.

Hogei bidaia 575 lagunentzat
Aurten, Gorabideko Oporren Programak 445 plaza eskaini ditu adimen desgaitasuna duten pertsonentzat eta 130, boluntarioentzat, uztailaren 2a eta abuztuaren 27a bitartean, bi asteko 20 bidaiarekin, hamabi norabidetara: Sanxenxo, Oviedo, Gijon, Lekeitio, Hondarribia, Zarautz, Burgos, Lardero, Iruñea, Lizarra, Villanúa eta Comarruga. Aukera bakoitza inguruko aisialdi-aukerak kontuan hartuta aukeratu dira, baita instalazioetako irisgarritasuna eta ostatuetako langileak ere aintzat hartuta.

Bidaiak adinaren eta laguntza-beharraren arabera prestatzen dira, betiere erabiltzaileen gustuak, lehentasunak eta iradokizunak aztertuta. Horrela, ‘udalekuen’ kontzeptu zaharra utzi eta programa udako eredu parte-hartzaile batera bideratzen da. Bertan, dena adosten da, eta denek beren ekarpena egin dezakete guztion ongizaterako.

Gorabideko Astialdi Zerbitzuko zuzendaria den Maite Fernandezen esanetan, “jarduera mota honen emaitza hirukoitza da: Adimen-desgaitasuna duten pertsonek beren sozializazio-prozesua, beren independentzia eta beren bizi-kalitatea hobetzen dituzte, familiek zainketa-lanetatik atsedena hartzen dute eta boluntarioek adimen desgaitasuna hurbiletik bizi dute, hau da, oso positiboki baloratzen duten esperientzia pertsonal eta formatiboa”.