Gure zerbitzuen erabiltzaileen senideek eta laguntza-erreferenteek elkartean parte har dezaten bultzatzen dugu, informazio-bilerak antolatuz
Oso garrantzitsua da familiek elkartean parte hartzea.
Horregatik antolatu ditugu bilerak zentroetan,
zer pentsatzen duten jakiteko, nola hobetu proposa diezaguten.
Bildutako familiek eskerrak eman dizkigute
zer uste duten, zerk kezkatzen dituen
eta zer behar duten esan ahal izateagatik.
Informazio horrekin, egiten duguna,
gure zeregina, hobetu ahal izango dugu.
Gure oinarri soziala sendotzeko asmoz, familiek elkartean parte hartuz, eta gure gardentasun-maila handiari eusteko helburuz, 34 informazio-bilera antolatu ditugu egoitzetan, etxebizitzetan eta eguneko zentroetan, eta erabiltzaileen senideak eta laguntzaerreferenteak haietan parte hartzera gonbidatu ditugu.
Elkarrekin egoteko gune atseginak izan dira, eta oso harrera ona izan dute: guztizko parte-hartzea %41etik go rakoa izan da. Gainera, familiak nola dauden eta zer pentsatzen duten ezagutzeko aukera eman digute, baita hobetzeko iradokizunak biltzekoa ere, bi urtean behin egiten ditugun asebetetze-inkesten bidez jasotzen dugun informazioaren osagarri.
Egoitzak eta etxebizitzak
Gure egoitzetan eta etxebizitzetan bizi diren familiek beren senideek jasotzen duten tratua eta babesa eskertu zuten, eta diru-sarreren eta gastuen arteko oreka berreskuratzeko neurriek nola eragingo dieten kezka agertu. Halaber, adierazi zuten kanpoaldeko jarduerak, txangoak eta aisialdia murriztea ez zaiela ondo iruditzen eta ez daudela ados, eta berriz aktibatzeko eskatu zuten. Horrez gain, erabiltzaileek beren egoitzan edo etxebizitzan parte har dezaten sustatzea balioetsi zuten.
Orobat, aldi baterako egonaldiak egiteko plazen eskaintza handitzeko eskatu zuten, eta zentroen artean aldi baterako edo oporretarako trukeak egiteko aukerari eusteko ere bai. Eta instalazioak, ekipamenduak eta altzariak edo zordunketak egiten direnean gastuei buruzko informazioa hobetzeko hainbat iradokizun egin zituzten. Zenbait kontu operatibo ere planteatu zituzten, eta azaldu zuten kezkatuta daudela ezin direlako zerbitzu komunitario jakin batzuetara iritsi, irisgarritasun-neurririk ez dagoelako.
Eguneko zentroak
Bestalde, eguneko zentroetako erabiltzaileen familiek asko eskertu zituzten bilerak, eta zentroko taldeekin eta koordinazioekin pozik daudela esan zuten. Halaber, ezinegon agertu ziren atseden hartzeko plazen eskasiagatik eta 65 urtetik aurrera baliabide hori erabili ezintasunagatik Zahartzearen edo narriaduraren ondorioz beren senideei sortzen ari zaizkien laguntza-beharren gaineko kezka ere agertu zuten, bai eta dirusarreren eta gastuen arteko orekaplanaren ondorioen gainekoa ere.
Familien atsedenaldia
Gainera, zentroek senideekiko komunikazioa optimizatzea, kanpoaldeko jarduerak berrabiaratzea eta udan klimatizazioa hobetzea iradoki zuten. Baita asteburuetan atseden hartzeko plazak ugaritzea eta ordutegia luzatzea ere, gaua eta ostiral arratsaldetik aurrerako denbora ere barne hartzeko, edo familiek atseden hartzeko aldi baterako plazen kopurua areagotzea.
Informazio horren guztiaren berri izatea oso baliotsua da elkartearentzat, zentroetako bizimodua eta adimen desgaitasuna duten pertsonei ematen dizkiegun laguntzak hobetzen laguntzen baitu.