AAIDD-k Gorabide aukeratu du Euskadiko laguntza eredua ezagutzeko

2019/10/02

Adimen Desgaitasunari buruzko Amerikako Elkarteko ordezkariek Euskadiko politika publikoen inguruko eta Lantegi Batuak erakundeak lan-arloko inklusioari buruz informazioa ere jaso dute

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Adimen Desgaitasunari eta Garapenari buruzko Amerikako Elkarteko 22 pertsona Bilbora heldu dira, kolektibo horrentzako zerbitzuen euskal eredua bertatik bertara ezagutzeko. Topaketa horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak politika eta finantzaketa publikoaren gaineko galderei erantzun zieten; Gorabidek, pertsona horien bizi-kalitatea hobetu eta bizi-proiektuetan laguntzeko egiten duen ekarpenaren inguruan hitz egin zuen; eta Lantegi Batuak erakundeak lan-arloko inklusioari buruz.

Jaurlaritzaren aldetik, gizarte politika arloko sailburuordeak, Lide Amilibiak, Euskadiko politika publikoen esparrua aztertu zuen. Gizarte zerbitzuen inguruko legeak eta hirugarren sektore sozialaren ingurukoak bereziki aipatuko dira. Bestalde, Gizarte Ekintzako ahaldunak, Sergio Murillok, Aldundiak egindako gizarte erantzukizunaren zabalkundea azaldu zuen, adimen desgaitasunaren arloan burututakoa. Gorabideko gerente Pablo Gonzálezek elkartearen erronka estrategikoak eta esku-hartze ereduak izango ditu hizpide. Azkenik, Lantegi Batuak erakundearen instalazioetara bisita egin zuten eta, bertan, Txema Franco zuzendari nagusiak adimen desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko funtsezko aspektuei buruz hitz egin zuen.

Bilbo, Madril eta Bartzelona
AAIDD elkartearen bidaiak Madril eta Bartzelona ere barne hartzen ditu. Madril izan da lehenengo geltokia; bertan, Cermi batzordeari (Comité Español de Representantes de Personas con Discapacidad), Plena Inclusión Madrid erakundeari eta A La Par Fundazioari bisita egin die. Bartzelonan, aldiz, bi mintegitan parte hartu dute, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Ramón Llull Unibertsitatean.

Adimen Desgaitasun eta Garapenari buruzko Amerikako Elkartea adimen desgaitasunaren egungo definizioaren egilea da; 1876an sortu zenetik mundu mailako erreferentea da arlo honetan, eta 5.000 kidetik gora ditu, 55 herrialdetan. 2012tik dauka harremana Gorabiderekin. Orduan, AAIDD erakundeko presidente James Thompsonek hizlari moduan parte hartu zuen Bizkaiko elkarteak antolatutako topaketa batean, 50. urteurrenaren harira. Adimen desgaitasunari eta gizarte eredu berriei buruz hitz egin zuen. Horren ostean, Gorabide finalista izan zen AAIDD Sarietan, Zerbitzu Onenaren kategorian. 2018an, aldiz, AAIDD erakundeak Gorabide gonbidatu zuen Belgikan antolatu zen Building Bridges of Support kongresuan parte hartzera, pertsonengan zentratutako plangintza ezartzeko laguntza metodologikorako gida aurkezteko.