Udako programetan 230 leku eskaini ditugu adimen desgaitasuna duten pertsonentzat Bizkaian

2020/05/30

Unean uneko araudiari jarraituz, hiriko jarduerak, eguneko txangoak, gaurik gabeko irteerak eta astebeteko egonaldiak antolatuko ditugu Bizkaian

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Covid-19aren pandemiak eragindako egoera dela eta, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak berrantolatu ditugu. Udako oporraldien programen kasuan, 230 leku eskainiko ditugu Bizkaiko sei herritan astebeteko egonaldiak egiteko eta lurraldeko leku desberdinetan jarduerak burutzeko. Guztira, 35 txanda izango dira, eta, talde bakoitzean, sei eta zortzi erabiltzaile bitartean eta batez beste lau boluntario egongo dira.

 

 

Gure Astialdi Zerbitzuak udako programa berrantolatu du datozen hilabeteetan agintari eskudunek onartzen dituzten funtzionamendu eta ratioen arabera egokitzeko. Une bakoitzean indarrean dagoen araudiari kasu eginez, hiriko jarduerak, eguneko txangoak, irteerak, eta astebeteko oporraldiak egingo dira. Eskaintza: Bizkaiko hainbat herritako egonaldietarako 110 leku, astebeteko hamabost txandatan banatuta, eguneko 120 jarduera, sei eguneko hogei txandatan banatuta, bi astetan. Taldeak beste urte batzuetan baino txikiagoak izango dira: sei edo zortzi erabiltzailez osatuta egongo dira, beren autonomia-maila eta laguntza-beharrizanen arabera.

Astebeteko egonaldiak Lekeitio, Plentzia, Mungia, Balmaseda edo Urduñako hotel eta ostatuetan egingo dira. Posible den neurrian, eta segurtasun-arauak betez, aurreko denboraldietan izandako jardueren antzekoak burutuko dira: hondartza, igerilekua, txangoak, paseoak, terrazak, leku interesgarrietara bisitak… eta eguraldiak laguntzen ez badu, pelikulak edo mahai-jokoak. Era berean, eguneko txangoen bidez Bizkaiak eskaintzen dizkigun aukerak ahal beste aprobetxatzen saiatuko gara. Kasu honetan, jardunaldi tematikoen bidez antolatuko dira, kirol, kultur, itsas, hondartza, natur eta hiriko jarduerekin.

 140 boluntario baino gehiago
Gure erabiltzaileentzako 230 lekuez gain, 140 boluntariok pasako dituzte oporrak adimen desgaitasuna duten pertsona horiekin. Boluntarioak funtsezkoak dira beti gure elkartearen astialdi programak garatzeko, baina egungo egoera honetan, pertsona horien konpromisoa, elkartasuna eta inplikazioa inoiz baino nabarmenagoak dira. Aurten, boluntarioek jaso ohi duten prestakuntzaz gain, Covid-19aren inguruko segurtasun neurriei buruzkoa jaso beharko dute, eta txanda guztietan mantendu beharko dira irizpide horiek.

Jarduera hauek onura handia dakarte adimen desgaitasuna duten pertsonentzat zein beren familientzat. Hori dela eta, onura horiek mantendu nahi ditugu programen egokitzapenean. Aurtengo mugak ez dira jardueraren kalitatearen kalterako izango, “izan ere, garrantzitsuena da jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta errutina egun batzuez alde batera uztea; eta Bizkaian bertan leku zoragarriak ditugu horretarakoâ€, adierazi dute gure Astialdi Zerbitzuko kideek.