Familiaren bizi-kalitatea hobetzeko laguntza eskaintzen dugu

2025/05/15

Elkar-laguntza, garapena eta ongizatea, ondo pasa, harrera eta orientazioa, atsedena... familien beharrei erantzuten dieten baliabideak dira

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Maiatzaren 15a Familien Eguna da.

Data berezi horretan,

familiek gure elkartean duten garrantzia

balioesten dugu.

Bai eta gogoratu ere zer egiten dugun

familiak hobeto egon ahal izateko:

– elkarri laguntzeko taldeak.

– ongizate-tailerrak.

– jarduera dibertigarriak.

– informazioa eta laguntza.

– atseden hartu ahal izateko zerbitzuak.

 


Maiatzaren 15a Familien Nazioarteko Eguna da. Data berezi horretan, familiek gurearen moduko elkarteetan duten garrantzia balioesten dugu. Eta bai haien bizi-kalitatea bai norberaren ongizatea eta kolektiboa hobetzeko eskaintzen dizkiegun baliabideak berraztertzen ditugu.

Gorabiden, familiak harreman-sistema baliotsutzat eta zain­tza, arreta eta laguntza-iturri nagusitzat jotzen ditugu. Gainera, gure elkartearen funtsezko oinarrietako bat dira. Horre­xegatik, laguntza eskaintzen diegu beren gaitasunak sendotu eta egin behar dituzten zereginak ahalik eta ondoen garatu ahal izateko. Horrela, beren bizi-kalitatea hobetu ahal izango dute, bai familia osoarena bai kide bakoitzarena.

Elkar-laguntza
Elkartean parte hartzeko hainbat aukerek berdinen arteko elkar-laguntza ahalbidetzen dute, esperientziak, emozioak, zalantzak eta abar partekatuz. Adibidez, ‘Hariez harago ehun­tzen’ tailerretan, ‘Kafeak kide artean’ taldeetan edo antzeko ezaugarriak di­tuzten senideen arteko beste topaketa batzuetan. Guztietan, partaideek laguntza hartzailearen eta emailearen rol bikoitza hartzen dute.

Garapena eta ongizatea
Gure Ongizate Programak norberaren garapenerako eta ongitasunerako tresnak eskaintzen ditu. Tailer independenteen bidez, autozainketa, emozioen kudeaketa eta indarguneak sustatzen ditu, hobeto egoteko.

Dibertsioa familian
‘Ondo pasa Familian’ programaren bitartez, eremu informaletan elkarrekin egoteko uneak sorrarazten saia­tzen gara, hala nola tailer ludikoetan, erakusketa artistikoetan, txangoetan, kultur ekitaldietan… Familia-harrema­nak eta elkarteko familien artekoak sustatzen dituzten jarduerak dira, gozatzeko uneak eskaintzen dizkietenak.

Harrera eta orientazioa
Gure BBK SAIOA GORABIDE taldeak, elkarri entzuteko eta elkarrekin identifikatzeko prozesuaren bidez, bizi-egoera bakoitzean beharrezkoak diren laguntzak zehazten ditu: ekonomikoak, legezkoak, bizitokiarekin lotutakoak, hezkuntza-esparrukoak, lan-arlokoak… Eta familientzat garrantzitsuak diren gaiei buruzko orientazioa eta informazioa eskain­tzen du.

Atsedena
Horrez gain, bi aukera ditugu zain­tzaileek une jakin batzuetan behar duten atsedena har dezaten: 31 plaza aldi baterako egonaldietarako eta atsedenerako 10 plaza eguneko zentroan larunbatetan eta beste 10 igandeetan.



 
Elena Bernardo (ama)
“2017. urtearen amaieratik edo 2018.aren hasieratik gara Gorabideko bazkide. Patrickek aisialdi-klubean parte hartu ahal izateko eman genuen izena, eta denbora dezente behar izan zuen, une hartan eskaria oso handia zelako, gero pandemia etorri zen… Hortaz, hasieran, gure esperientzia familien gaiaren ingurukoa izan zen, hain zuzen ere, eta nire esperientzia nahiko ona da. Jarduera, tailer, txango… ugaritan parte hartu dut/dugu. Jendea eta familiak ezagutzeko balio izan dit, eta horrek dakartzan gauza on guztiak jasotzeko eta hurbiltasuna sentitzeko. Gauza batzuen gaineko jakingarriak areagotzeko ere balio izan dit, baita zenbait gai ezagutzen hasteko ere: kontu juridikoa, Futubide, Gorabideren baliabideak, etab. Eta beren bizipenak, esperientziak eta abar kontatzen dizkidaten eta nireak entzuten dituzten familiak eta une oro jarrera hurbil, adeitsu eta erabakigarri apartaz informatu eta lagundu gaituzten profesionalak nabarmenduko nituzke”.
 

 
Ignacio Garín (aita)
“Ongizate Programan izan dudan parte-hartzea aipatu nahi dut, nire bizitzan izan duen eraginagatik. Urte asko dituzunez, dagoeneko dena dakizula uste duzu. Alabaina, Ongizaten parte hartuz, konturatu nintzen ez dela horrela; badaudela zure buruan askotan entzuten dituzun soinu jarraitu gogaikarri horiei aurre egiteko beste era batzuk. Zure bizitza argitzen laguntzen dizuten zenbait errutinari heltzearen garrantziaz ere ohartzen zara. Desgaitasuna duen seme edo alaba bat duten pertsonekin, alegia, zure egoera berean daudenekin, ikastaro bat egin ahal izateak zure mundua beste pertsona batzuei irekitzen die, zuk betiko itxita zegoela uste bazenuen ere. ‘Kafeak kide artean’ taldeetan jarraitzeak zure harreman-mundura pertsona berriak biltzea errazten du. Eskerrak ematen dizkiot Gorabideri nire bizitza ederragoa egiteko aukera emateagatik”.
 

 
Nieves Yanguas (ama)
“Urte asko daramatzat Gorabideko bazkidea izaten. Hainbat tailerretan parte hartu dut eta gaur egun ‘Hariez harago ehuntzen’-en nabil. Eta oso-oso pozik nagoela esan dezaket. Ehundu bitartean, solasean aritzen gara eta barrena husten dugu, eta eguneroko bizimoduan laguntzen diguten gaiak komentatzen eta ezagutzen ditugu. Hemen, lagun-talde bat aurkitu dut eta oso gustura nago bertan. Anima zaitezte parte hartzera eta ea gustatzen zaizuen”.