Desgaitasuna duten pertsonen arreta odontologikorako prestazioa

2016/05/31

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Adimen desgaitasuna duten pertsonek sedazio sakona edo anestesia orokorra hartu behar izaten dute, behin baino gehiagotan, aho-hortzetako tratamenduetan, Osakidetzak ordaintzen dituen zein ez dituenetan. Hori ekiditeko, Eusko Jaurlaritzak ebazpena onartu du tratamendu horiek zentro pribatuetan egin ahal izateko beharrezkoak diren interbentzio guztiak, kontsulta bakarrean, eta Osakidetzako prestazioen finantzazio publikoa jasotzeko eskubidea izango dute.

Finantzaketa hori jaso ahal izateko, aldez aurretik eskatu behar da baimena bakoitzari dagokion Osasuneko Lurralde Ordezkaritzako Osasun Prestazioetako Sailean, eta horretarako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

  • Eskaera orria.
  • Aldundiaren desgaitasun agiria.
  • Arreta Orokorreko (ahal dela) Odontologia Zerbitzuko medikuaren txostena, Familiako Medikuarena, edo, hala izanez gero, bizi den egoitzako mediku zerbitzuarena, sedazio sakona edo anestesia orokorra behar dela adieraziz.
  • Zentro pribatuaren txosten mediku zehatza eta dagokion aurrekontua.

Onartua izateko, kontuan hartuko da prestazioen prezioak ezin direla handiagoak izan Osakidetzako tarifen liburuan zehaztuta daudenak baino. Finantzaketa onartu eta interesatuari jakinarazi ondoren, zentro pribatuak interbentzioa egin ahal izango du eta faktura bidaliko du osasuneko lurralde ordezkaritzara. Handik ordainduko diote zuzenean zentro pribatuari. Hasierako aurrekontuan aurreikusi gabeko interbentzio finantzagarrien faktura egin ahal izango da, zentro pribatuaren justifikazioa erantsita badute.

Prozedura horrek arautzen ditu aurretiazko baimena eskatu gabe sortutako premiazko egoerak ere.