Eusko Jaurlaritzak beste dekretu bat onartu du, desgaitasunen bat duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen erabilera arautzen duena, eta titulartasuna izateko aukera zabaldu egiten du. Txartel hori erabili ahal izango dute desgaitasunen bat izateaz gain honelako baldintzak dituzten pertsonak:
Gurpil-aulkia ezinbestean erabili beharra dutenak, ibiltzeko derrigorrean bi makulu behar dituztenak edo ibili ahal izan arren, jokabide erasokor edo kontrolagaitzak dituztenak. 2016ko martxotik aurrera, eskubidea zabaldu egingo da eta erabiltzaile izan litezke hauek ere:
- Ikusteko desgaitasuna dutenak.
- Desgaitasunen bat duten pertsonen garraio kolektiboan aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunaren arretarako gizarte zerbitzuak eskaintzen dituztenak.
- Hiru urtetik beherakoek, ezinbestean eta etengabe behar badituzte bizi-funtzioetarako aparailu teknikoak (gurpil-aulki bereziak, arnasa hartzeko aparailuak…) edo, balorazioan 4 edo 5 motako (patologia larria edo oso larria) desgaitasuna aitortu bazaie.
Dekretuan jasota dago aparkatzeko urte beteko balioa duen behin-behineko txartela ere, beste urte bete luzatzeko aukera duena, gaixotasun edo patologia larriren baten ondorioz bizi-itxaropena nabarmen murriztuta dutenentzat, aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera garaiz izapidetzeko aukerarik ez dagoela aurreikusten denean.