Salaketen barne-protokoloa

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legea, araudi mailako arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duena.

 

1. HELBURUA

Gorabide elkarteak araudia betetzeko sistema bat ezarri du, 2/2023 Legeak xedatutakoaren arabera, arau-hausteen berri ematen duten pertsonen babesa bermatzeko. Horretarako, protokolo hau prestatu da, arau-hausteei buruzko barne kanalaren bidez jasotzen diren salaketak tramitatu eta ebazteko funtzionamendu-arauak biltzen dituena.

Protokolo honen helburua prozedura bat arautzea da, legeak zehaztutako eremuei buruzko arau juridikoak betetzen direla bermatzeko. Prozedura horren bidez, erakundeak arau horiek ez direla bete jakin dezake, eta antzematen diren ezbetetzeak prebenitu eta zuzendu ditzake.

 

2. EZARPENAREN ARLOA

Protokolo hau Gorabide osatzen duten pertsona guztiei aplikatuko zaie, baita arau juridikoak ez direla betetzen ari dakien beste edozein pertsonari ere, Gorabiderekin lotura izanda edo lotura izan gabe¡.

Elkarteak bermatu behar die langile guztiei eta harekin nolabaiteko lotura duten pertsona fisiko edo juridiko guztiei (profesionalak; lan-harremana amaitua duten pertsonak; boluntarioak; bekadunak; prestakuntza eta/edo praktikak egiten ari diren pertsonak; edo lan-harremana oraindik hasi ez duten pertsonak, baina hautaketa-prozesuan edo kontratua sinatu aurreko negoziazioan daudenak) protokolo hau eskura izango dutela.

 

3. BERMEAK

Behar bezala funtziona dezan, salaketa-kanalak funtsezko berme batzuk betetzen ditu, bai salaketa-egilearentzat, bai salatuarentzat eta tartean egon daitezkeen beste batzuentzat.

Salatzailearen bermeak: Ezinbestekoak dira kanala eraginkorra izan dadin; izan ere, halakorik ez izateak baliabide hau erabiltzeko aukera gutxituko luke erakundean araua ez bete izanarekin lotutako jokabide desegoki baten berri izatean. Honako hauek dira berme horiek:

  • Konfidentzialtasuna: Ezarritako salaketa-bideak salatzailearen eta komunikazioen konfidentzialtasuna bermatzen du.
  • Ukigabetasuna errepresalien aurrean: Egindako salaketak ezingo du errepresaliarik eragin salatzailearen kontra. Beraz, Gorabidek ezin izango die zehapenik jarri salaketa jarri duten profesionalei, baldin eta arrazoituta badago edo salaketarekin zerikusia badu.
  • Salaketaren emaitzari eta jarraipenari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Anonimotasuna: Salatzaileak hala erabakitzen badu, protokolo honetan ezarritako mekanismo batzuen bidez babestu ahal izango du bere nortasuna.

Salatutako pertsonaren bermeak: Kanalak salatuaren eta eragina jasan dezaketen beste pertsona batzuen eskubideak ere bermatzen ditu. Honako hauek dira berme horiek:

  • Salatuak bere aurka salaketa bat dagoela jakiteko eskubidea du.
  • Salatutako pertsonak eskubidea du espedientean entzun eta egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.
Salatutako gertaerek egiazkoak izan behar dute, eta erabat debekatuta daude salaketa faltsuak. Salatzaileak ziurtatu behar du ezbetetzeari buruz salaketan jasotako informazioa zuzena dela, salatua ez den beste pertsona bati eragin baitiezaioke.

Eragindako edo inplikatutako beste pertsona batzuen bermeak: Gertakarietan inplikatuta egon daitezkeen hirugarren pertsona batzuk egon daitezke eta horiek eragina jasandakoak, lekukoak eta abarrak izan daitezke. Pertsona horien eskubideak ere babestu egin behar dira. Horrela, inplikatuta egon daitezkeen gainerako pertsonen intimitatea eta duintasuna babestuko dira.

 

4. INFORMAZIOAREN BARNE SISTEMA KUDEATZEAREN ARDURADUNA

Prozesuaren objektibotasuna, gardentasuna eta inpartzialtasuna ziurtatzeko, informazioaren barne-sistema eta barne-kanala kudeatzeko zeregina Global Factoryri eman zaio. Global Factoryk salaketak jaso, aztertu, ikertu eta, hala badagokio, espediente bat ireki, kautelazko neurriak proposatu eta ebazpen-proposamenak egingo ditu. Global Factory izango da sistemaren arduraduna. Salaketak eta horiek sor ditzaketen prozedurak elkarteari berari jakinaraziko zaizkio eta araudi mailako eskakizunez arduratuko den pertsonarekin harremanetan jarriko dira.

 

5. BARNEKO INFORMAZIO SISTEMAREN PROZEDURA

Salaketa barne-kanalaren bidez aurkeztea

Pertsonen aurkako salaketak hurrengo ataletan azaltzen diren prozedura eta kanalen arabera aurkeztu ahal izango dira. Prozedurak eta kanalak segurtasun-, konfidentzialtasun-, independentzia- eta autonomia-printzipioen arabera finkatzen dira. Salaketak idatziz nahiz ahoz aurkeztu ahal ahalko dira, eta bide eta prozeduren berri webgunearen bidez emango da, bai eta Gorabideko zentro eta zerbitzuetako iragarki-oholaren bidez ere.

  • Posta elektroniko bidezko salaketak
    Idatzizko salaketak posta elektronikoaren bidez jar daitezke, compliance@gorabide.com helbidera bidalita. Konfidentzialtasuna ziurtatzeko, Gorabidek aldez aurretik horretarako izendatzen dituen pertsonak edo organoa bakarrik sartuko dira kanal horretan. Posta elektronikoko helbide horretarako sarbidea pasahitzen bidez mugatuko da. Elkarteak aldez aurretik horretarako izendatzen dituen pertsonek edo organoak bakarrik ezagutu eta gorde ahal izango ditu pasahitz horiek. Era berean, posta elektronikoaren bidez egiten diren salaketek eta ondorengo jakinarazpenek neurri teknikoak eta segurtasun eta konfidentzialtasun informatikokoak izango dituzte (helburu horiek lortzeko aplikaziorik egokienak direnak).
  • Posta bidezko salaketak
    Modu fisikoan aurkezten diren salaketak posta arruntez aurkeztu ahal izango zaizkio Global Factory SLri (Nerbioi kalea, 3, 5. esk. – 48001 Bilbo).
  • Ahozko kanalen bidezko salaketak (telefonoz eta aurrez aurre)
    Sistemak bide bat ematen du salaketak ahoz (telefonoz edo aurrez aurre) aurkezteko, salatzaileak hala eskatzen badu, zazpi eguneko epean. Horretarako telefonoa 946 612 774 da. Hitzezko salaketak sistemaren arduradunaren aurrean jarriko ditu salatzaileak. Hark akta idatziko du eta bertan hitzez hitz jasoko da salaketaren eduki osoa.

 

Salaketa jasotzea eta egokitasun-judizioa

Aurkeztutako salaketak sistemaren arduradunak bakarrik jasoko ditu, kasu honetan Global Factoryk. Eginkizun hori Gorabidek Global Factoryri eskuordetu eta agindu dio kanpoko erakunde independente gisa eta hark ere protokolo honetan ezarritako konfidentzialtasun-printzipioetan oinarrituta jardun beharko du.

  • Jaso izanaren adierazpena
    Dagokion kanalaren bidez salaketa jaso ondoren, salaketa behar bezala jaso izanaren agiria emango zaio salatzaileari, salaketa jarri zen bide beretik –betiere horretarako datuak badaude–, jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere zazpi egun naturaleko epean. Halaber, bere eskubide eta betebeharren berri emango zaio, salaketa anonimoa delako ezinezkoa denean izan ezik.
  • Salaketa-espedientea eratzea
    Jasotako salaketekin, behar diren espedienteak egingo dira formatu fisikoan, segurtasuneko artxibo zainduan, formatu digitalean, eta fitxategi eta zerbitzari informatiko espezifikoan sarrera mugatuarekin. Gorabidek izendatutako pertsonek bakarrik izango dute horietarako sarbidea. Espediente horiek zentzuzkoa, behar adinakoa eta egokia den denboran gordeko dira eta betiere datu pertsonalak babestearekin lotuta indarrean dagoen araudia bete beharko da. Salaketa-espedienteari salaketaren sarrera-erregistroko zenbakia esleituko zaio. Espediente horretan, gutxienez, alderdi hauek jasoko dira: salaketa noiz eta nola jaso den, sarrera-erregistroko zenbakia, modu batean edo bestean salaketan agertzen diren pertsonak (ezagutzen badira) eta gertaeren eta edukiaren laburpena.
  • Egokitasun-judizioa
    Sistemaren arduradunak lehenengo egokitasun-judizioa egingo du, salaketaren xede diren gertaerak kanalaren esparru objektiboan dauden edo, bestela, esparru objektibo horretatik kanpo dauden ze-hazteko. Hau da, lehenengo azterketa egingo da, eta, horren ondorioz, izapidetzeko onartu ahal izango da, baldin eta salaketaren ondorioz zigor-araudia ez dela bete adierazten duen zantzurik badago, edo, bete ez izanaren zantzurik ez badago, artxibatu egingo da. Hala ere, salaketaren xede diren gertaerak kanal horren esparru objektiboan ote dauden zalantzarik izanez gero, behar diren kontsultak egingo dira, gertaerak aztertu eta erabakia hartzeko.
  • Kanalaren esparru objektiboan jasota dauden salaketak
    Itxuraz kanalaren esparru objektiboarekin bat datorren salaketa bat jasotzen bada, lehen egokitasun-judizioaren arabera, izapidetzeko onartzeko fasea aktibatuko da. Horretarako, sistemaren arduradunak Gorabideko arau-eskakizunen arduradunari deituko dio ahalik eta lasterren biltzeko, eta, betiere, salaketa jaso eta zazpi egun balioduneko epean.
  • Kanalaren esparru objektiboan sartu gabeko salaketak
    Kanal honen esparru objektiboan sartzen ez den salaketa bat jasotzen bada, besteak beste, gomendioak, iradokizunak eta/edo zalantzak direlako, sistemaren arduradunak ere jaso izanaren agiria emango dio salatzaileari, salaketak jarritako bide beretik (informazioa eman duen pertsonaren datuak eskuragarri daudenean) jakinarazitako gertakariak Gorabideko salaketa-kanalaren esparru objektiboan ez daudela adierazita.Kasu horietan, salatzaileari jakinaraziko zaio egokitzat jotako gomendio, iradokizun eta/edo zalantzak Gorabidera bidali ahal izango dituela, uau@gorabide.com helbide elektronikoaren bidez edo elkarte honen webgunean dagoen “Harremanak†atalaren bidez.
  • Salaketa artxibatzea
    Salaketak oinarririk ez balu edo erabat irreala balitz, berehala artxibatuko da, eta akta arrazoitua egingo da. Artxibatzeko hartutako erabakia salatzaileari jakinarazi beharko zaio, gehienez ere zazpi egun naturaleko epean, harremanetarako datuak eskuragarri daudelako posible denean.Kasu horietan, jaso eta artxibatutako salaketarekin batera, barne-espediente bat sortuko da, eta horri dagokion zenbakia esleituko zaio, behar bezala erregistratzeko.
  • Salaketa izapidetzeko onartzea
    Salaketak egiantz-judizioa gainditzen badu, izapidetzeko onarpena eta hasiera emateko erabakia hartuko da, protokolo honetan barne-ikerketetarako aurrez ikusitako prozeduretan ezarritakoaren arabera.Era berean, salatuari salaketa helaraziko zaio gehienez ere hamabost egun balioduneko epean, bidezko alegazioak aurkez ditzan hurrengo hamar egun baliodunetan.

 

Barne-ikerketako prozesua

  • Barne-ikerketa hastea
    Salaketa jaso ondoren, eta salaketa egiazkoa dela uste denean, dagokion barne-ikerketa hasteko aginduko da, (a) salatutako gertaerak argitzeko, (b) salatutako jokabideen erantzuleak identifikatzeko, eta (c) salatutako jokabidea argitzeko froga egokiak biltzeko. Ikerketa-prozesua ahalik eta zehatzen egingo da, gertaeren egiazkotasuna frogatzek, errugabetasun-presuntzioa eta salatutako pertsonek dituzten gainerako eskubideak errespetatuz.
  • Barne-ikerketaren ardura
    Ikerketa-prozesuan, beharrezko frogak bilduko dira (tartean diren pertsonei elkarrizketak egitea, dokumentuak eskatzea, beste pertsona batzuen edo kanpoko iturrien bidez informazioa lortzea, eta abar). Sistemaren arduradunak (Global Factory), eta Gorabideko araudi mailako eskakizunen arduradunak, behar den informazioa edo dokumentazioa lortzeko, beharrezko ahalmenak izango dituzte edozein antolaketa arlotara edo elkarteko pertsonarengana jotzeko. Beharrezkoa izanez gero, abokatuen bulego profesional baten esku uzteko aukera aurreikusten da, sistemaren arduradunen eta arauen errekerimenduen azken ikuskapenarekin.
  • Barne-ikerketako espedientea osatzea
    Barne-ikerketari ekiteko, ikerketaz arduratzen den pertsonak edo, hala badagokio, hura gainbegiratzeaz arduratzen denak espediente bat ireki beharko du, eta horri dagokion diligentzia-zenbakia esleituko zaio. Espediente horretan, egindako jarduketa guztiak agiri bidez jaso beharko dira, eta ikerketaren garapenean lortutako froga edo eginbide guztiak erantsiko dira.
  • Epea
    Ikerketa egiteko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, salaketa jasotzen denetik hasita.
  • Ikerketa-eginbideak
    Ikerketaren esparruan, juridikoki zilegi eta baliozkoak diren jarduketa guztiak erabili ahal izango dira salaketaren xede diren gertakariak ikertzeko. Jarduera horien hautaketa eta jarduketa proportzionaltasun-printzipioaren arabera egingo da: (a) neurriak salbuespenezkoa izan beharko du –ez da hain larriak ez diren beste ikerketa-jarduerarik egon behar lortu nahi den helburua lortzeko–, (b) beharrezkoa –hori egin ezean, ikerketa arriskuan jar liteke– eta (c) egokia –ikerketaren helburuetarako balio beharko du–.

Besteak beste, honako hauek izango dira ikerketarako zilegizko bideak:

    • Ikertutako pertsonei egindako elkarrizketa. Aurretik, dagokien eskubideak eta bermeak irakurri beharko zaizkie, eta horren akta laburra egingo da. Elkarrizketatuak, adostasuna adierazteko, sinatu egin beharko du.
    • Ahal izanez gero, salatzaileari elkarrizketa egingo zaio, eta aurretik irakurri beharko dira salatzaileari dagozkion eskubideak eta bermeak, hura babesten duen araudia, eta jarritako salaketaren ondorioz errepresalia edo errepresalia-saiakerak jasotzeko debekua. Horren inguruko akta laburra egin eta elkarrizketatuak sinatu egin beharko du, ados dagoela frogatzeko.
    • Lekukoei egindako elkarrizketa. Aldez aurretik, akta laburra hartuko dela eta elkarrizketatuak ados dagoela frogatzeko sinatu beharko duela adierazi beharko da.
    • Edozein motatako dokumentazioa aztertzea eta dagokien pertsona fisiko edo juridikoei eskatzea.
    • Gailu elektronikoetako informazioa berreskuratzea eta aztertzea, frogen osotasuna bermatzen duten software eta hardware tresnak erabilita, indarrean dagoen legeria erabat errespetatuz.

Era berean, Gorabideko informazioaren eta komunikazioaren teknologien politikan xedatutakoaren arabera sartu eta aztertu beharko dira gailu elektronikoak, elkartean lan egiten duten pertsonen intimitaterako eskubidea babesteko.

Betiere, gailu elektronikoetara sartzeko eta haiek aztertzeko, inguruabar hauek bete beharko dira: (a) Gorabidek gailu elektronikoei buruz egin dezakeen kontrolaren izaerari buruzko informazio argia eman behar da; eta (b) ikuskatze horren irismena zehaztu behar da; hau da, adierazi behar da komunikazioen fluxua edo edukia ikuskatuko den, horiek guztiak edo batzuk ikuskatuko diren, neurri hori denboran mugatuta egongo den, informazio hori eskuratzeko aukera izango duten pertsonak, zaintzarako muga espazialak. Hori guztia (c) neurria ezarri aurretik zehaztu beharko da.

  • Oinarrizko eskubideak betetzea barne-ikerketan
    Ikerketa egiten den bitartean, salatutako pertsonari, elkarteko profesionalei eta gainerako parte-hartzaileei Konstituzioak aitortzen dizkien oinarrizko eskubideak, salatutako gertaerekin zuzeneko edo zeharkako lotura dutenak, errespetatu beharko dira.
  • Ikertutako pertsonaren eskubideak
    Ikertutako pertsonei eskubideak irakurtzean, gutxienez, honako hauen berri eman beharko zaie:

    • Ikergai diren gertaerei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea: Lehenik eta behin, egiten ari den barne-ikerketari buruzko informazio fidagarria, egiazkoa eta osoa eman behar da —hizkuntza erraz, ulergarri eta irisgarrian—.
    • Ikerketa-espedientea erkatzeko eskubidea: Ikertuak barne-ikerketaren espedientea osorik eskuratzeko eta haren kopia lortzeko aukera bermatzea.
    • Adierazpena ez egiteko eta errudun ez aitortzeko eskubidea: Ikertutako pertsona bere borondatearen aurka deklaratzeko inoren presio psikologiko oro debekatzea (limurtzea, hertsatzea, larderia, indarkeria, engainua). Era berean, ezin da eskatu salatuak ikerketarekin nahitaez laguntzeko, bere buruari krimena egotziz.
    • Legelariarengana joateko eskubidea: Elkarrizketaren esparruan zein barruko gainerako ikerketa-prozedura osoan, salatutako pertsonak legez laguntza jaso ahal izango du, berak aukeratuta. Pertsona horrek ezingo du izan Gorabidek proposatu edo iradokitakoa.
    • Elkarrizketaren grabazioari eta erregistroari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
    • Alegazioak idatziz aurkezteko eta ikerketa-eginbideak proposatzeko eskubidea: Salatutako pertsonak, legezko laguntzarekin edo laguntzarik gabe, barne-ikerketan jardun ahal izango du bere defentsa-eskubidea babesteko.
  • Salatzailearen eskubideak, bermeak eta betebeharrak
    Salaketa egiten duen pertsona gutxienez eskubide, berme eta betebehar hauen titularra da:

    • Informazio-eskubidea: Nolanahi ere, Gorabidek salatzaileari jakinarazi beharko dio, ahal den guztietan, barne-ikerketa bat hasi dela salaketaren ondorioz, salaketaren izapideen garapenaren ondorioz, eta, bereziki, barne-ikerketa horren amaierako txostenaren eta, hala badagokio, hartutako neurrien berri eman beharko dio.
    • Konfidentzialtasun-bermea: Salaketak salaketa eta salatzailearen filiazio-datuak biltzen ditu. Salaketen kudeaketaz arduratzen den organoak bakarrik jakin dezake eduki hori. Berme honen xedea da salatzaileari errepresaliarik ez egitea —lanekoa edo beste edozein motatakoa—.
    • Salatutako gertaerei buruz egia esan beharra.
  • Kanpoko aholkularien edo adituen parte-hartzea barne-ikerketan
    Ikerketa zuzentzen edo gainbegiratzen duenak kanpoko beste edozein aholkulariren edo, hala badagokio, fede-emaile publikoren laguntza eska dezake, ikerketak hala eskatzen badu.
  • Ordenamendu juridikoaren kontrako gertaerak ustekabean aurkitzea barne-ikerketan
    Ikerketa egiten ari den bitartean, salaketan jasota ez egon arren, legezkotasunaren aurkako arau-hausteak izan daitezkeen gertaerak ustekabean aurkitzen badira, ikerketa zuzentzeaz edo, hala badagokio, ikuskatzeaz arduratzen denak berehala jakinarazi beharko dio Gorabideko zuzendaritza-organoari, baina horrek ez du esan nahi gertakariak agintari eskudunei jakinarazi behar ez dituenik.
  • Kautelazko neurriak hartzea barne-ikerketaren esparruan
    Arduradunen ekimenez, beharrezko kautelazko neurriak hartzea erabaki ahal izango da, barne-ikerketa ongi burutuko dela bermatzeko, bai eta Gorabideri eta bere kideei edo hirugarren batzuei kalterik ez egiteko ere.

Neurri horiek idatziz adostu beharko dira. Xehetasunez azalduko dira (a) kautelazko neurriak hartzera bultzatzen duten arrazoiak eta beharrak; (b) neurri horien iraupena; (c) hartutako neurri zehatzen identifikazioa; (d) hartutako neurrien eta neurriek lortu nahi dituzten helburuen arteko proportzionaltasun-judizioa; betiere, neurri horiek ahalik eta neurririk eraginkorrenak, beharrezkoenak eta erabilgarrienak eta kalte gutxien eragiten dutenak izango dira lortu nahi diren helburuetarako; eta (e) neurri horiek Gorabideko zuzendaritza-organoari eta neurri horiek eragin zuzena edo zeharkakoa jasango duten pertsonei jakinarazi beharko zaizkie.

  • Gertakariak Justiziari jakinaraztea
    Gorabidek salatutako eta ikertutako gertakariak Justiziari jakinarazten dizkionean, ikerketaren ondoriozko espediente osoa jarriko du agintari judizial eskudunen esku, haren esparruan lortutako froga guztiak barne.

Halaber, elkarteak lankidetza osoa eskainiko dio agintari judizial eskudunari, gertakariak behar bezala ikertu eta argitzeko. Era berean, kasu horietan, Gorabidek erabakiko du bere borondatea den salatutako eta ikertutako gertaeren ondorioz hasten den prozedura judizialaren esparruan partaide gisa jardutea, betiere kaltetua dela edo, hala badagokio, herri-akusazio gisa agertzea erabakitzen bada.

  • Ikerketaren amaiera
    Deskribatutako prozesu guztia amaitzean, sistemaren eta Gorabideko araudi mailako eskakizunen arduradunek ikerketa amaitutzat emango dute, eta urrats hori ondorioen txosten batean formalizatuko dute.

 

Ondorioak jasotzen dituen txostena

Ikerketa bukatutakoan, behar bezala justifikatutako ondorioen txostena egingo da, eta bertan Gorabideko zuzendaritza-organoari gomendio hauetako bat proposatuko zaio: (a) Salaketa artxibatzea, araudi mailako ezbetetze hori ez dela gertatu frogatzen bada. (b) Arauak betetzen ez direla egiaztatzen bada, bidezko diren neurri zuzentzaileak edo zehatzaileak jartzea. Neurri horiek, egindako ikerketak eta izapidetutako espedienteak izan duten emaitzaren arabera, epaitegiari edo fiskaltzari egitateen berri ematea izan daiteke, zigor-izaera dutelako, eta, hala badagokio, egoki iritzitako prebentzio-neurriak hartzea, antzeko ezbetetzeak berriro gerta ez daitezen.

Bestelako gogoeta batzuk

  • Salaketak gordetzea
    Salaketak behar den eta proportzionatua den aldian bakarrik gordeko dira, protokolo honek ezarritako baldintzak betetzeko, datu pertsonalak babestearekin lotutako Estatuko eta nazioarteko legedian xedatutakoaren arabera.
  • Indarrean sartzea
    Protokolo hau aplikatuko zaie 2/2023 Legea indarrean jarri ondoren sortutako gertaera guztiei, edo, indarrean sartu baino lehen egin arren, data horren ondoren salatzen direnei.
  • Datuen tratamendua salaketen kanalean

 

Interesdunaren eskubideak

  • Eskubide guztiak datuen babesari buruz indarrean dagoen legeriaren arabera erabiltzea.
  • Tratamenduaren erantzuleak berekin lotutako datu pertsonalak tratatzen ari diren ala ez baieztatzea. Bere datu pertsonalak eskuratzea, datu okerrak zuzentzeko eskatzea, bildu ziren helburuetarako beharrezkoak ez diren datuak kentzeko eskatzea, datuen tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskatzea –kasu honetan, erreklamazioak egiteko bakarrik gordeko dira–, eta bere datuak eramateko eramangarritasuna eskatzea.
  • Datuak aldez aurretik baimena helbururen baterako badira, eskubidea du edozein unetan baimen hura bertan behera uzteko, baina horrek ez dio eragiten hura kendu aurreko tratamenduaren zilegitasunari.

Goian aipatutako eskubideak erabil ditzake tratamenduaren erantzulearen aurrean, identifikazio-agiria aurkeztuta. Pertsona horren datuak protokolo honetan ageri dira. Nahi izanez gero, eskubideak erabiltzeko behar diren formularioak eska ditzake.

Halaber, erreklamazioa aurkez dezake Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (Jorge Juan kalea, 6 – 28001 Madril) edo aepd.es webgunean.