Gure familien gogobetetze handia aisialdi eta astialdiko programekin

2025/04/12

Estimatuenak udan egunez egiten ditugun hiriko txangoak eta neguko kirol-jarduerak dira, baita boluntarioekiko harremana ere

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Familiei galdetu diegu
zer iruditzen zaizkien
gure aisialdiko jarduerak.
Gehien gustatzen zaiena
udan egiten duguna da.
Batez ere, txangoak.
Baita neguko kirolak eta irteerak ere.
Gainera, boluntarioen tratua
nabarmendu dute.
Eta nola hobetzen den
erabiltzaileen bizitza
aisialdi eta astialdiko jarduerak
egiten dituztenean.

 

Gure aisialdiko eta astialdiko programei dagokienez familien gogobetetze-maila ezagutzeko hamargarren inkestak iritzi ona erakusten jarraitzen du, aurreko galdeketetan bezala. Gogobetetze orokorra 4,37koa da 5etik eta, gainerako inkestetan bezala –etxebizitzak, egoitzak, eguneko zentroak, atsedenerako baliabideak eta BBK SAIOA GORABIDE–, emaitza guztiak 4tik gorakoak dira. Jarduerarik balioetsienak udakoak dira, 4,49ko batezbestekoarekin. Bestalde, neguko programak 4,29 puntu jaso ditu oro har.

Gehien puntuatutakoa
Udako ekintzen kasuan, familiek gehien puntuatutakoak hiriko eguneko irteerak dira (4,57). Asteko egonaldiak ere asko balioesten dituzte (4,42). Neguan, honako ekintza hauek jaso dute puntu gehien: kiroljarduerak (4,48), larunbat eta igandeetako eguneko irteerak (4,39), eta asteburuko klubek egiten dituztenak (4,32). Hurrengo mailan, aurrekoa bezain positiboan, aste barruan goizez irekita dauden zentroak (4,19) eta aste barruan arratsaldez antolatzen diren klubak (4,13) daude.

Boluntariotza, oso estimatua
Antolaketari dagokionez, gure boluntarioen lana nabarmentzen da: bai erabiltzaileekin duten harremana (4,53) bai familiek haiengandik jasotzen duten arreta (4,48). Beste kontu garrantzitsu batzuk aisialdiko eta astialdiko programetan parte hartzeak bizi-kalitatean duen eragina (4,48), harrera (4,40) eta familiek jasotzen duten informazioa (4,39) dira. Baita eskatzen dizkieten agiriak eta informazioa ere (4,35), eta beren senideen eta desgaitasuna duten beste pertsona batzuen arteko bizikidetza (4,35).

Halaber, modu positiboan baloratzen dituzte profesionalen taldeak eskaintzen dien arreta (4,33), egiten diren aisialdiko jarduerak (4,31), udako egonaldietarako helmugak (4,29), erabiltzaileek ingurune komunitarioan parte hartzeko dituzten aukerak (4,23), eta laguntzak emateko orduan erabiltzaileen beharrei eta lehentasunei jartzen diegun arreta (4,10).

Iritziak eta iradokizunak
Familiek, beren puntuazioez gain, aisialdirako eskaintzen ditugun baliabideei buruzko iritziak eta iradokizunak helarazi dizkigute, bestelako jardueretarako proposamenekin batera. Jasotako informazio guztia gogoan, lanean jarraituko dugu hala gure aisialdiko programak hobetzeko nola erabiltzaileen gustu eta interesetara egokitzeko. Oraingo honetan, gogobetetze-inkestan parte hartu duten pertsonen kopurua nabarmen handitu da: %37tik %48ra. Hortaz, eskerrik asko laguntzeagatik eta espero dugu hurrengo inkestetan ere hala egitea.