Lurraldeko udalen lankidetza eta konfiantza eskertu ditu, udalerri bakoitzean desgaitasuna duten pertsonek egiten duten lanari aurpegia jarri dio eta erakundeak ematen duen balio soziala agerian utzi du
Desgaitasuna duten pertsonen laneratzeak sortzen duen gizarte balioa oso handia da: gizarte kohesioa, komunitate lotura, lurraldearen gizarte egituraketa, kudeaketa publiko-pribatu partekatuaren efikazia eta efizientzia, beste zainketa sistema formal eta informal batzuk ordeztea, edo osasun sistemetan eta gizarte zerbitzuetan aurreztea. Horregtik, udalerri bakoitzean desgaitasuna duten pertsonek egiten duten lana ikusarazteko eta lan horri aurpegia jartzeko kanpaina bat jarri du abian Lantegi Batuak-ek.
Markesinetan, metro geltokietan, interneten eta sare sozialetan egongo da, Lantegi Batuak-ek Bizkaiko udalerrietan ematen duen gizarte balioa agerian uzteko eta, aldi berean, eskerrak emateko tokiko administrazioei beren lankidetzagatik, konfiantzagatik eta inklusioaren aldeko apustuagatik. Sentsibilizazio ekintzaren bizkarrezurra lantegibatuak.eus/eu/bizkaia webgunea da, eta bertan kontsultatu ahal izango da Lantegi Batuak-ek zer presentzia duen Bizkaiko udalerri bakoitzean, zenbat biztanle dituen herri bakoitzak edo, beste datu batzuen artean, sortutako gizarte balio integratua.
214 milioi euroko gizarte balio integratua
Lantegi Batuak proiektu berezia da, eta 214 milioi euroko gizarte balio integratua sortzen du Bizkaian. Gorabidek sustatutako proiektu honek 40 urte daramatza lanean gizarte kohesionatuago bat lortzeko, eta enplegu egonkorra sortzen du desgaitasuna duten 2.500 pertsonarentzat baino gehiagorentzat, izan ere, kolektibo horrek zailtasun handiak ditu enplegua lortzeko, eta %16,5etik gorako langabezia tasa du.
Gaur egun, Lantegi Batuak 50 udalerri baino gehiagotan dago, Bizkaiko 7 eskualdeetan banatuta, dela industria guneen bidez, dela garbiketa, lorezaintza eta digitalizazio zerbitzuak emanez, dela mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonei egokitutako konponbideak emanez (adibidez, etxera eramateko janaria eta autonomia pertsonaleko produktuak), dela enpresetarako edo bezero pribatuentzako zerbitzuak emanez. Sozialki konprometituta dauden udalerriak dira, kontratazio publikoko politika arduratsuen alde egiten dutenak.