Gure egoitzetako, etxebizitzetako, eguneko zentroetako eta aisialdiko eta denbora libreko taldeetako 46 erabiltzailek parte hartu dute gure Ongizate programan
Gure Ongizate programaren lehen edizioak, adimen desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako ongitasunerako eta garapen pertsonalerako, autozaintza-mailak indartzen, ondo sentitzeko eta hobeto egoteko 46 pertsonei lagundu egin die: Uribitarteko aisialdi-zentroko hamar erabiltzaile, gure etxebizitzetako batean bizi diren bederatzi, Basauriko Arteagoiti egoitzako zortzi, eta esperientzia pilotuan, Eretza eguneko zentroan eta Ibarreta-Zuloko egoitzan parte hartu zuten 19.
Tresnak eta estrategiak
Egin ditugun saioetan, ongitasunaren hainbat alderdi eta kontu jorratu dira, baita emozioak, esker ona eta norbera sentitzeko eran eragiten duten beste elementu garrantzitsu batzuk ere. Programak eguneroko bizimodurako tresnak eskaini dizkie parte-hartzaileei, hala nola arazoei, aldaketei edo kudeatzen zailak diren egoerei aurre egiteko orduan balia ditzaketen estrategiak.
Elkarri lagunduz, eta irakurketa errazera egokitutako materialekin, beren emozioak eta sentimenduak antzematen ikasi, gainerakoek haietaz duten irudiak nola eragiten dien aztertu eta nork bere indargune pertsonalen gainean hausnartu dute.