Adimen destaitasuna duten pertsonen tutoretza eta guraso-ahala erreformatzen dituen legearen erronka

2023/05/02

Rafael Armesto eta Carlos Escribano abokatuek, Plena Inclusioneko Legelarien Sarea kideek eta Futubideko aholkulari juridikoek, desgaitasuna duten pertsonei gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko legedi zibil eta prozesal berriaren efektuak aztertu dituzte

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Hogeita hamahiru senidek eta gure hiru gizarte-langilek jaso dute tutoretzaren eta guraso-ahalaren erreformaren gaineko prestakuntza, Gordóniz bufeteko Rafael Armesto eta Carlos Escribano abokatuei esker, gure Elkarte-partaidetzaren sailak antolatutako saioan. Bertan, egoera juridiko berriaren gakoak eman zituzten, eta artikulu honetan laburbiltzen dira.

Hamabost urtez itxaroten egon ondoren, ekainaren 2ko 8/2021 Legeak egindako Kode Zibilaren erreformak New Yorkeko hitzarmenaren postulatuak hartu ditu eta eredu berri bat eskaini du gaitasun juridikoaren tratamendurako: ezgaitasun judiziala eta tutoretza desagertu egin dira, eta babes-neurriekin ordezkatu dira. Neurri horien oinarrian dago desgaitasuna duten pertsonen borondatea, desirak eta lehentasunak errespetatzea.

Orain arte, jarduketa ideal horretatik urrun dauden bideetatik egiten zen, eta, ondorioz, edozein herritarrentzako oinarrizkoak diren eskubideak gauzatzea mugatzen zen, edo are ezeztatu: bozkatzeko eskubidea, ezkontzekoa, testamentua egitekoa… Egun, laguntza-neurriak informalak (egitatezko zaintza) edo formalak izan daitezke (laguntza-kuradoretzaren gaineko borondatezko neurrien notariotzako dokumentuak edo ebazpen judizialak, kuradoretza ordezkagarria edo defentsa judiziala). Gaitasun juridikoaren erregulazioa epaitegietatik ateratzeko ahalegin argia da, pertsonari eta bere inguruko familiari protagonismo handiagoa emateko.

Indarrean dagoen legeak, eredu berriarekin koherentzian, ezartzen du aurretik adostutako neurri judizial guztiak hiru urteko epean berrikusi behar direla. Hortaz, epaitegientzako, fiskaltzarentzako eta erakundeentzako lanbolumena nabarmen areagotuko da. Desgaitasuna duten pertsonek eta familiek tramite berriak egin beharko dituzte, horrek dakarren guztiarekin.

Baina erreforman benetan sinesten badugu, egoera berria erronka gisa ikusi behar dugu, ez zailtasun gisa edo oztopo-lasterketa gisa: egoera bidegabeekin amaitzeko eta desgaitasuna duten pertsonei askotan galdu duten duintasuna itzultzeko balioko du. Legearen sarrerak dioen moduan, erreformak ingurune-aldaketarekin lotuta egon behar du, pentsamolde sozialaren aldaketarekin lotuta, eta guztiok dugu horretarako konpromisoa. Eman dezagun denbora errealitate izan dadin. Ebazpen judizialek, notariotzaren jarduketek eta irizpide profesionalek ez dute bidea markatuko.

 


Lege berriaren gaineko saio praktikoak

Gure Elkarte-partaidetzako eta BBK SAIOA GORABIDEko taldeek hilero saioak programatu dituzte desgaitasuna duten pertsonei haien gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko lege berriaren aplikazioaren gaineko alderdi praktikoak lantzeko. Taldeko topaketa horiek familiei zuzenduta daude, eta bertan zalantzak partekatzeko eta erantzunak aurkitzeko aukera izango dute.

Informazio eta izen-emateak:
Tel. 661 590 455 (Johanna López)