Bigarren urtez, covid-19aren prebentziorako neurri eta murrizketen arabera egokitu dugu eskaintza, eta astebeteko egonaldiak eta eguneko txangoak egingo dira Bizkaian
Pandemiak baldintzatutako aurtengo udan, Gorabideko Astialdi Zerbitzuak adimen desgaitasuna duten pertsonentzako udako programa mantenduko du, baina indarrean dauden osasun-arauen arabera. Horrela izanik, astebeteko egonaldietarako 119 leku eskaini ditu, Bizkaiko 5 herritan, hamabost txandatan banatuta, eta eguneko jardueretarako 120 leku, sei eguneko hogei txandatan. Taldeak udako ohiko programetan baino txikiagoak izango dira, baina pasa den urtekoak baino apur bat handiagoak, erabiltzaileen autonomia eta laguntza-beharrizanen arabera.
Astebeteko oporraldiak Zugaztieta, Balmaseda, Mungia, Lekeitio eta Durangoko aterpetxe eta hoteletan izango dira. Ahal den neurrian, eta segurtasun-arau zorrotzei jarraituz, aurreko denboraldien antzeko jarduerak burutuko dira: Leku interesgarri eta interpretazio zentroak bisitatzea, ingurumen jarduerak burutzea, hondartza, igerilekua, txangoak, itsasontzian ibiltzea, paseoak, terrazetan egotea… eta pelikulak ikustea edo barruko bestelako jarduerak, eguraldiak laguntzen ez badu.
Era berean, eguneko txangoetan Bizkaian ditugun aukerak ahal beste aprobetxatzen saiatuko dira: Itsasontzian ibiltzea Elantxobe edo Gaztelugatxetik, bisita antzeztuak Algortako Kirol Portuan, kanoak Plentzian, Guggenheim museora bisita egin eta Artxanda bazkaltzea edo Athletic museora bisita egin eta Kobetamendin bazkaltzea, itsasadarretik itsasontzian ibiltzea eta Getxon bazkaltzea, Plentzian edo Sopelan surf egitea, Muñatones gaztelua eta El Pobal burdinola bisitatzea…
70 boluntario baino gehiago
Programa hori 72 boluntarioren lankidetzarekin egiten da. Pertsona horiek adimen desgaitasuna duten pertsonekin partekatuko dute beren oporren zati bat. Neguko programan konpromiso eta inplikazio handia erakutsi dute, etengabe aldatzen ari diren murrizketa eta egoerak gorabehera. Guztiek jaso dute errealitate berriaren arabera egokitutako prestakuntza, formatu telematikoan eta aurrez aurre, covid-19aren aurreko segurtasunneurri eta jardueren inguruko edukiekin, eta txanda bakoitzean mantendu beharko dituzte. Horretarako, covidaren aurkako protokoloa eta kontingentzia plana daude ezarrita.
Jarduera hauek onura handia dakarte adimen desgaitasuna duten pertsonentzat zein beren familientzat. Hori dela eta, onura horiek mantendu nahi ditugu programen egokitzapenean. Eta pandemiako mugak ez dira jardueraren kalitatearen kalterako izango, “izan ere, garrantzitsuena da jendea ezagutzea, ondo pasatzea eta errutina egun batzuez alde batera uztea; eta Bizkaian bertan leku zoragarriak ditugu horretarakoâ€, adierazi du gure Astialdi Zerbitzuko zuzendariak, Maite Fernández.