Gure 2020 Kudeaketa Plana egokitu dugu Covid-19aren ondoriozko egoerara

2020/05/20

Erabiltzaileen eta familien beharrizanei erantzuna emateko zerbitzuak berrantolatu ditugu, segurtasun-neurriak zorrotz betez

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Covid-19aren pandemiak sortu duen osasun-larrialdi globalak gure elkartearen jarduerari eragin dio, noski. Hori dela eta, 2020rako onartutako kudeaketa plana egokitu behar izan dugu, baita gure zerbitzuen diseinua eta zabalkundea ere. Egiteko zail eta konplikatu honetan, ezinbestekoa izan da langileen, erabiltzaileen eta familien lana, ahalegina eta ulermena; gure boluntarioen konplizitatea, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin daukagun aliantza.

Bizkaia osoan kudeatzen ditugun hamaika egoitzak, hamar etxebizitzak eta bizimodu independenteari laguntzeko zerbitzua martxan mantendu dira alarma-egoeraren hasieratik, oinarrizko zerbitzuak baitira. Horra bideratu dugu gure ahaleginaren zatirik handiena, laguntzen sistema eta antolakuntza egokitzeko xedez. Egiteko horri aurre egiteko, zentroetako lan-taldeak sendotu ditugu, bai beste zerbitzu batzuetako langileen bidez, baita kontratazio berrien bidez ere. Gainera, norberaren babeserako ekipoak lortzeko zailtasunak izan arren, babes eta desinfekziorako elementuak erosi ditugu, eta zentroetara banatzeko logistika sistema bat diseinatu dugu.

Era berean, gure arrisku prebentzio zerbitzu propioak koronabirusagatiko infekzio kasuetarako jarduera-gida bat landu du. Neurri berriak argitaratzen joan ahala, eranskinak gehitzen joan zaizkio; zazpi ditu dagoeneko. Horretaz gain, lanerako praktika egokietarako irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat ere sortu da. Osakidetzarekin etengabeko harremana izan dugu, orientazioa eskatu eta beharrezko protokoloak aplikatu ahal izateko, eta mediku bat jarri dugu orientazioa eta laguntza emateko. Horrekin guztiarekin, egoiliarren eta arreta zuzena ematen duten langileen segurtasuna bermatzeko modua aurkitu dugu.

Jarrera bikaina
Txalotzeko modukoa izan da arreta zuzena ematen aritu diren 500 langileen jarrera, ahalegina eta inplikazioa. Hasiera-hasieratik, bikain aritu dira beren lehen lerroko lanean, adimen desgaitasuna duten pertsonei laguntza ematen, oso arin egokitu dira baldintza berrietarako, egoera zail eta aldakor baten erdian, eta krisi honen eragina arintzeko eta erantzuteko gaitasuna handitu ahal izan da. Eta hori guztia arreta arloko kalitate mantenduz eta erabiltzaileengan ahalik eta kalte txikiena eragiteko helburuarekin.

Kudeaketa oso konplikatua izan da, baina zuzendaritzek egindako ahaleginari esker, nolabaiteko egonkortasun bat lortu dugu. Orain, betiere kontu handiz, deseskalada prozesuari aurre egiteko neurriak hartzen jarrai dezakegu, gure osasunari lehentasuna emanez, erabiltzaileen nahi, lehentasun eta beharrizanei ahalik eta ondoen erantzuteko kudeaketa eginez, eta familiei informazioa eta bide-laguntza emanez. Hori guztia, segurtasun neurriak eta agintarien eskakizunak betetzen direla bermatuz.

Jarraipen eta laguntza proaktiboa
BBK SAIOA GORABIDE zerbitzuan ere familiei informazioa, orientazioa eta laguntza emateko lana mantendu dugu alarma egoera dekretatu zenetik. Horretarako, jarraipen eta laguntza ekintza proaktiboak burutu ditugu. Telefonoz, e-postaz eta bideo-konferentzia bidez ere egon gara harremanetan, gutxienez hamabostean behin, edo gehiagotan, beharrezkoa izan bada, eguneko zentroetako eta haur eta gazte terapiako erabiltzaileekin eta terapiaren bat egiten aritu direnekin. Gainera, gizarte-langileak egoera berezietan egon diren, babesgabetasun egoeran egon zitezkeen edo zerbitzuren bat jasotzeko zain egon diren familiekin harremanetan jarri dira.

Lehen fase batean, taldeak babesa helarazi die lehentasunezko talde horiek osatzen dituzten 800 familia baino gehiagori, eta erakundeko 4.000 familiekin e-posta bidezko harremana sendotu du, harremanetarako bide hori ezarrita eduki dutenekin, behintzat, urgentzia kasuan zer egin eta zerbitzu-aukerak zeintzuk ziren azaltzeko. Orokorrean, adimen desgaitasuna duten pertsonen eta familien erantzuna ona izan da, eta berriz erakutsi dute beren indarra eta egokitzeko gaitasuna, laguntza-beharrizan handienak dituztenen kasuan ere.

Bigarren fasea aurreko fasearen garapenaren eta alarma egoeraren bilakaeraren arabera hasiko da. Orduan, 17 eta 55 urte bitarteko erabiltzaileen beharrizanak identifikatu, bideratu eta estaltzeko helburua duten ekintza planak garatzen hasiko gara; izan ere, kolektibo horretan trantsizio uneak dira. Horretaz gain, seme-alabak dituzten adimen gaitasuna duten pertsonentzako plan espezifikoa bideratuko da, beren beharrizanak jaso eta horren inguruko ekintzak martxan jartzeko.

Zerbitzu koordinatuak
Gure talde teknikoak erabiltzaile eta familiei babesa eta jarraipena emateko sistema proaktibo bat ere ezarri du, telefono edo bideo-deien bidezkoa, eta e-posta bidez sendotua. Helburua une zail hauetan gertutasuna eta babesa helaraztea, eta beharrizanak identifikatzea da. Horretarako, Laguntzen Kudeaketa eta Plangintza Unitatearekin (egoitza, etxebizitza eta eguneko zentroak) eta BBK SAIOA GORABIDE zerbitzuarekin koordinatuta aritu da.

Burututako egitekoetako batzuk honakoak dira: erabiltzaile eta familien jarraipen proaktiboa; zentro eta zerbitzuetatik deribatutako eskaerei erantzutea; egitura-taldeari laguntza teknikoa ematea; gure mediku psikiatraren saio klinikoak eta jarraipen farmakologikoa; sexualitate proiektua berraktibatzea web bileren bidez; edo osasun krisiaren ondoriozko dolu edo antsietate egoeretan laguntza ematea. Era berean, gure fisioterapia-taldea ere berregituratu egin da, Osasun sailak eskatu baitu zentroen artean langileak ez aldatzeko, kutsatze-bideak saihesteko asmoz.

Online jarduerak
Egoera honetan, konexio birtualei esker, gure zerbitzuen eta erabiltzaileen artean harremana mantendu ahal izan dugu. Familia esku-hartzearen arloan, online bileren egutegi bat antolatu dugu autogestore, emakume eta familien taldeetarako, eta gai interesgarriei buruzko bi hitzaldi. Gainera, Goratu Programa birbideratu dugu gure webguneko gorabide.com/goratuprograma atala aprobetxatuz, eta ikastetxe eta prestakuntza erakundeetara dokumentu bat bidali dugu material horiek arloarekin erlazionatutako curriculum birtualen diseinuan txertatzeko edo jarduera osagarri edo sentsibilizazio jarduera gisa txertatzeko.

Gure Astialdi Zerbitzuak zentroetako erabiltzaile eta boluntarioen arteko konexiorako proiektu bat ere abiarazi du. Talderen bat bazebilen horretan konfinamenduaren hasieratik, boluntarioen inplikazioari esker, baina zerbitzuak egitura bat eman dio, jarduera programatuak planteatu eta ordutegi-jarraipen bat bermatzeko. Horrela izanik, gure neguko programan parte hartzen duten adimen desgaitasuna duten 600 erabiltzailek baino gehiagok beren aisialdi jarduerak berriro hasi ahal izan dituzte: kirola, musika, jolasak, pintxo-potea, lehiaketak, urtebetetzeen ospakizuna… Horretarako, goizeko zentroek bi konexio egiten dituzte astean, eta klubek egunero, taldeka.

Deseskaladan aurrera egitea
Egindako guztiaren plangintzaz gain, deseskaladan aurrera egiten dugun heinean eskaintzen joango garen zerbitzuak proiektatuko ditugu. Astialdi Zerbitzuak berak udako programa berriro diseinatu du agintari eskudunek onartzen dituzten parametroen arabera egokitzeko, ratioei eta funtzionatzeko moduei dagokienez. Une bakoitzean indarrean dagoen legeriaren arabera, eguneko txangoak eskainiko dira, gaua kanpoan eman gabe; eta astebeteko oporrak talde txikietan eta alojamendu indibidualetan. Kasu bietan, Bizkaian.

Bestalde, gure eguneko zentroen sarea ere zerbitzuak ematen jarraitzeko prestatu da. Apurka-apurka irekitzen joango gara, segurtasun-baldintzak bermatzeko aukera ematen digun jende kopuruarekin. Zentro batekin emango zaio hasiera zerbitzuari, modu pilotuan, eta apurka-apurka zentro gehiago irekitzen joango dira. Lekuak esleitzeko, arrisku taldekoak ez diren erabiltzaileei emango zaie lehentasuna, 60 urtetik beherakoak, senideek beren kabuz egin badezakete leku-aldaketa eta kontziliazio arazoak badituzte. Irizpide horiek betetzen dituzten pertsonekin lekuak ez betetzekotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren ISNA adierazlea aplikatuko da, beharrizan sozialari dagokiona.

Gainerako antolakuntza zerbitzuei dagokienez, telelana sustatzen jarraitzea da asmoa, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aurrez aurreko formatua ezinbestekoa den kasuetan izan ezik. Neurri horiekin guztiekin, jarduera ahalik eta ondoen mantentzeko lan egingo dugu, eta asmo horretan langileen, familien, adimen desgaitasuna duten pertsonen eta boluntarioen konpromisoa eta babesa izaten ari gara. Inoiz baino gehiago erakusten ari dira haiek direla gure elkarteari eusten diotenak.