Balio erantsia, gizarte ekintzaren marjina eta nortasuna dira gure bosgarren plan estrategikoaren (2021-2023) funtsezko erronkak

2021/01/04

Datozen hiru urteetan, gure gizarte ekintzaren marjina handitu, ematen dugun balio erantsia gehitu eta elkarte-nortasuna sendotzearen alde egingo dugu

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Covid-19aren aurka egin beharreko prebentzioa alde batera utzi gabe, honakoak izango dira gure 2021-2023 Plan Estrategikoaren erronka nagusiak, martxan jarri dugun bosgarrena: gure gizarte ekintzaren marjina erantzukizun publikoko zerbitzuez harago handitzea; ematen ditugun gizarte zerbitzuen balio erantsia handitzea, eta gure elkarte izaera sendotzea. Azken hori, bi ikuspegitatik landu nahi dugu: nola nahi dugun geure burua aurkeztu, eta nola nahi dugun jendeak gu ikustea.

Erabiltzaile eta senideen beharrizan berriei erantzuna emateko moduak aurkitzen ere saiatuko gara. Gizarte eraldaketan ere eragin nahi dugu, eta, horretarako, hiru bide erabiliko ditugu: adimen desgaitasuna duten pertsonen ahalduntzea eta lidergoa, aliantza eta lankidetza-esparruak, eta ingurumenaren zaintza.

Elkarte izaera sendotzea
Gure erabiltzaileen ahalduntze eta lidergoa ere funtsezkoak izango dira elkarte izaera sendotzeko. Era berean, gure gizarte oinarriaren partaidetza sentimendua sustatu nahi dugu, eta gure langileak gure erakundearen ikuspegi, egiteko, balio eta proiektuarekin lotu.

Gainera, sortzen dugun ezagutza eta berrikuntza ekarpena sustatuko ditugu, foroetan parte hartuz, dibulgazio artikuluak argitaratuz edota material propioak editatuz. Eta, helburu horrekin, beste erakunde –nazioartekoak ere–, instituzio eta unibertsitate zentro batzuekin lankidetza-hitzarmenak eta aliantzak garatu eta sendotuko ditugu.

GIHekiko lotura
Plan estrategiko honen berrikuntzetako bat zera da: Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) ikuspegia hausnarketa estrategikoan txertatzea. Horrela izanik, 2023 urtera arte garatuko ditugun 61 estrategiak GIH batera edo batzuetara bideratuta daude (ikusi koadroa).

Hausnarketa estrategikoko prozesu honetan 42 pertsonak parte hartu dute, zuzendaritza batzorde, familia, erabiltzaile, langile eta boluntarioen artean, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko ordezkariek ere.