“Nire bizitzan hartu dudan erabakirik onenetako bat”

2023/12/05

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna (abenduak 5) dela eta, gure boluntarioei balioa nabarmentzen ditugu haietako baten hitzen bidez

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

“Zertan zabiltza etxean denbora galtzen eta aspertuta?” galdetzen nion neure buruari larunbat arratsaldero. Denbora, ondasun erabat preziatu eta berreskuraezin hori, norbaiti egin diezaiokegun oparirik politena da, eta nik Gorabideri eskaintzea erabaki nuen.

Hasieran, ez nekien eskatzen zidaten jarduera garatzeko gai izango ote nintzen ere, baina ez naiz kikiltzen diren horietakoa eta hau ez zen salbuespena izango. Ausartu nintzen eta bete-betean asmatu nuen: aurreko asteetan alferrik galdutako denbora epe luzerako inbertsio bihurtu zen, eta, pixkanaka, boluntarioen abentura honetan murgiltzea gauza ona izan dela jabetu nintzen.

Larunbatero, irrikaz itxaroten dut nire taldearekin batzeko ordua. Beti aurkitzen ditugu gozatzeko jarduerak eta planak, eta emaitza arratsalde dibertigarria izaten da; motxila maitasunez eta bizitza-esperientziaz beteta bueltatzen naiz etxera.

Beti hitz egiten da boluntariook egiten dugun lan bikainaz, baina esperientzia honek ematen digun guztia jakingo balitz, ziur askoz ere pertsona gehiago animatuko liratekeela gure bideari jarraitzera eta barre-algaraz, dibertimenduz, ikaskuntzaz eta sentimenduz betetako uneez gozatzera, baita haserrealdi edo sustoren bat jasatera ere… baina, batez ere, maitasuna mugarik gabe jasotzera.

Zer esan dezaket? Boluntariotzak asko irakatsi dit, eta nire aldetik ekarpen handia egin dudala uste dut. Gaur egun, 8 urte baino gehiago eta gero, nire denbora honetan inbertitzea nire bizitzan hartu dudan erabakirik onenetako bat izan dela esan dezaket.

Iratxe Iglesias, Gorabideko boluntarioa 2015etik