Segurtasun Sailak adimen desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko Gorabide elkartearekin lankidetzan dihardu egoitza-esparruko erabiltzaileen baimendu gabeko absentziak kudeatzen. Joan den ostiralean sinatutako dokumentuak absentzia horien aurrean polizia-erantzun bizkorra eta giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa egokia bermatzeko komunikazio- eta erantzun-protokolo bat ezartzen du elkartearen eta Ertzaintzaren artean. Bi erakundeek dokumentu bat sinatu dute, eta, bertan, Gorabideren zentroen egoitza-esparruko erabiltzaileen baimendu gabeko absentzien kasuak kudeatzeko protokolo bat dago jasota. Baimendu gabeko absentziak honako hauek dira: ihesa, desagerpena edo aurreikusitako egunean eta orduan ez itzultzea. Akordioak helburu bikoitza du: adimen desgaitasuna duen pertsonaren interes gorena zaintzea eta kudeatutako baliabideen eraginkortasuna maximizatzea.
Adostutako protokoloak bi erakundeek absentzia horien aurrean jarraitu beharreko jarduketa-jarraibideak biltzen ditu. Adibidez, baimendu gabeko absentzia baten kasuan Ertzaintzarekin komunikatzeko kanalak eta abisuen edukia jasotzen ditu. Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroaren jakinarazpenen edukiak, alde batetik, pertsonaren ezaugarri fisikoak eta desgaitasunari buruzko datuak jasoko ditu, eta, bestetik, haren absentziak eragin ditzakeen arriskuen balorazio profesional bat. Horren bidez, polizia-erantzun bizkorra eta baliabide materialen eta giza baliabideen kudeaketa egokia eskaini nahi da.
Absentzia baten aurrean egin beharreko lehen jarduketen artean, egoitza-baliabideak berak hurbileko ingurunean eta ez dagoen pertsonaren ohituren arabera egin ditzakeen egiaztapen- eta bilaketa-zeregin batzuk daude. Protokoloak, posta elektroniko eta telefono bidezko berehalako komunikazioez gain, absentzia baten kasuan salaketa formalizatzeko aukera hartzen du kontuan.
Lankidetza-dokumentuak lau urteko iraupena izango du, eta luzapena dago aurreikusita.