Oztopo psikosozialak gainditzeko eztabaidak sortzeko webgune bat sortu dugu

2021/07/28

Once Fundazioak finantzatutako Rompiendo Barreras programak ikaskuntza komunitate partekatu bat sortuko du ikasleen eta adimen desgaitasuna duten pertsonen artean

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Gure elkarteko zortzi erabiltzailek elkarrizketak grabatu dituzte Deustuko Unibertsitateko eta UPV/EHUko campus ezberdinetan, hainbat arlotan adimen desgaitasuna duten pertsonen inguruan daukagun pertzepzioaren inguruan ikertzeko. Material horiek aurreiritziak eta estereotipoak alde batera uzteko aukera ematen duten eztabaidak sortzeko egin dugun webgunearen hasierako edukiak dira, eta eskuragarri daude hemen: rompiendo-barreras.gorabide.com/eu.

Once Fundazioarekin batera martxan jarri dugun Rompiendo Barreras programaren fase berri honen asmoa da prestakuntza ziklo guztietako ikasleen eta adimen desgaitasuna duten pertsonen arteko ikasketa eremu partekatua sortzea, kolektibo horren errealitateari eta haien inguruko pertzepzioei buruz hitz egiteko.

Lidergoa eta ahalduntzea
Programa honen gakoetako bat adimen desgaitasuna duten pertsonen partaidetza da, beren lidergoa eta ahalduntzea sustatzen. Mikroaldaketa sozialak sortzen dituzten eragile aktibo moduan eta esperientziagatik adituak diren figura moduan protagonistak dira.

Webguneak lau atal ditu: Bata, oztopo psikosozialak azaltzen dituena, beste bat ikastetxeetan jasotako pertzepzioen ingurukoa, beste bat sortutako eztabaida jasotzen duena, eta azken bat programaren ondorio moduan. Gainera, testu edo bideo bat bidaliz parte hartzeko aukera ere badago.