Lantegi Batuakek ia 236 milioi euroko balio sozial integratua sortu du jada Bizkaian

2023/04/04

1983an Gorabidek sustatuta, pertsona erdigunean jartzen duen enpresa sozialaren eredu bat da, eta gizarte inklusiboago bati laguntzen dio industria eta zerbitzu jardueraren bidez

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Lantegi Batuaken hazkunde jasangarriari eta dibertsifikazioaren aldeko apustuari esker, 40 urteko ibilbidean 8.500 lan-aukera baino gehiago sortu dira Bizkaian desgaitasuna duten pertsonei zuzendurik. Ibilbide horren isla da Lantegi Batuakek sortutako balio sozial integratua, zeina 235,9 milioi eurokoa izan baitzen 2022an. Balio sozial integratuak interakzioan jarduten duen interes-taldeetan sortutako inpaktua islatzen du, eta horien artean ageri dira, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak, langileak, administrazio publikoak, bezeroak eta hornitzaileak, eta abar. Kontabilitate soziala aplikatuz lortzen da balio hori, eta Lantegi Batuakek hamar urtean baino gehiagoan erabiltzen duen tresna.

2022an, Lantegi Batuakek 61 lan-aukera berri sortu zituen desgaitasuna duten pertsonentzat; horietako 34 zentro eta zerbitzuen sarean, eta beste 27 enpresa arruntetan. Horrenbestez, pandemiaren aurreko indizeetara itzuli zen. Gaur egun, adimen-desgaitasuna duten 127 pertsona ari dira lanean Bizkaiko enpresetan, Lantegi Batuakek lagundutako enplegu-programari esker. Enplegu-zifra horiek lortzeko, funtsezkoa izan zen beste behin ere pertsonen prestakuntza-ahalegina, ez alderdi teknikoenetan soilik, baizik eta haien autonomiarekin eta garapen soziolaboralarekin lotutako alderdi guztietan ere bai.


 
Teknologia eta berrikuntza
Azken lau hamarkada hauetan, erakundeak 8.500 lan-aukera baino gehiago eskaini dizkie desgaitasunen bat duten pertsonei industrian eta zerbitzuetan, eta teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin du lehiakortasuna hobetzeko. Era berean, lehentasunezko helburutzat ditu oraindik ere pertsonen prestakuntza eta garapen soziolaboralerako laguntza. Gaur egun, Lantegi Batuakek 20 industria-zentro ditu Bizkaiko eskualde guztietan, eta, dibertsifikazioaren ondorioz, zerbitzu-sare zabal bat eskaintzen du (lorezaintza, garbiketa, dokumentu-kudeaketa, vendinga, mendekotasunari laguntzea…). Horietan guztietan, 3.179 pertsonak lan egiten dute.

Industria-sektorean egiten duen jarduerari dagokionez, etengabeko hobekuntza-prozesua indartzen eta inbertsio teknologikoen aldeko apustua egiten jarraitu da. Bi oinarri horiei esker, gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izan zaio, batez ere ekipamendu elektrikoaren sektorean. Eta zerbitzuen arloan ere jarduera handiko urtea izan da. Urduñako Udalerako garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak eta halako lizitazioak berritu ziren, baita Iurretako garbiketa zerbitzuak eta Elorrioko Zumelegi egoitzakoa ere. Gaur egun, Lantegi Batuak Bizkaiko 40 udalerritan dago presente, eta hainbat alorretako soluzioak eskaintzen ditu, hala nola garbiketa, lorezaintza, dokumentu-kudeaketa edo mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako soluzioak (etxeko otordu-zerbitzuak eta autonomia pertsonaleko produktuak, esaterako).

Horrekin guztiarekin, Lantegi Batuaken negozio-zifra 93,9 milioi eurokoa izan zen 2022an, eta sortzen dituen soberakin guztiak itzuli zituen, 4,17 milioi euroko inbertsioekin. Era berean, jardueraren kudeaketa eraldaketa digitalean izandako aurrerapenek markatu dute berriro. Prozesu hori duela urte batzuk hasi zen, hainbat kudeaketa-tresna ezarrita.