Gorabideko zuzendaritza batzordeak eskerrak eman nahi dizkie elkarteko familia, langile, boluntario eta erabiltzaileei, egun bizi dugun egoera ulertzeagatik eta egiten ari diren ahaleginagatik

2020/03/18

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Covid-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoeran gaude. Une zailak dira, zinez, eta Gorabide osatzen dugun pertsona guztiok ahal duguna egiten ari gara ezarritako neurriek adimen desgaitasuna duten pertsonei ahalik eta gutxien eragiteko. Hasiera-hasieratik, eskumena duten agintarien gomendioei jarraitu diegu, eta oso argi izan dugu erabiltzaileak direla gure lehentasun nagusia. Senideen, langileen, boluntarioen eta adimen desgaitasuna duten pertsonen euren erantzuna eredugarria izaten ari da.

Gure zerbitzuak egokitu ditugu, eskaintzen ditugun jardueren zati bat bertan behera geratu baita, eta ezinbesteko egoitza baliabideak mantentzen saiatzen ari gara: 30 zentro eta 500 pertsonarentzako lekua. Ahalegin handia egiten ari gara, eta jende guztia oso ulerkorra izaten ari da. Hori dela eta, bihotz-bihotzez eskertu nahi dugu guztion lana, egoera konplexu honi aurre egiteko onena ematen ari baitira.

Gainera, gure eginbeharra da familiei lasaitasuna helaraztea. Izan ere, haiek, gure langileak, boluntarioak eta erabiltzaileak erakusten ari diren jarrera bikainari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren, bestelako erakundeen eta inguruko enpresen laguntza ordainezinarekin batera, gure kolektiboaren bizi kalitatea ahal beste mantendu ahal izango dugu, nahiz eta ezinbesteko murrizketa batzuk izan.

Ia 58 urte ditu gure elkarteak, eta orain arte ere une latzak bizi izan ditugu: kezkak eta arazoak izan ditugu, eta egoera oso konplikatuak. Baina beti egin dugu aurrera; eta are indar handiagoz, gainera. Horregatik, ziur gaude oraingoan ere horrela izango dela. 4.800 familia baino gehiago ditugu, eta ia 800 langile, izaera mugagabean zein ordezkapenak egiten, eta beste bidelagun asko. Horiek guztiek ematen diguten indarra daukagu gure alde.

Badakizue gure leloa zein den: elkarrekin pertsonago. Pertsonak garak, elkarri laguntzen dioten pertsonak, eta, horrela, pertsona gisa hazten gara. Aurreko guztiagatik, mila esker gure erabiltzaileen egoera ahalik eta onena izateko laguntza ematen ari diren guztiei, egoera ondo ulertu baitute, eta ahalegin handia egiten ari baitira.

Gorabideko Zuzendaritza Batzordea