Duela hiru urte bazkide egin zen ama batek eta 23 urteko bazkidetza bete duen aita batek urrats hori emateko arrazoiei buruz hitz egin dute
Bazkide Balio Plana hirugarren fasean sartu da, gure elkarteko erabiltzaileen artean bazkideen proportzioa handitzeko helburuarekin. Ekimen horren bidez, %15 handitu dugu gure elkarteko bazkideen kopurua. Horrela, eskaintzen ditugun zerbi tzuak erabiltzeaz gain, beste urrats bat eman dute. Hori egin zuten Maribel Ortizek, Nahikariren amak, eta Iñaki Plazak, Igorren aitak.
“Duela hiru urte bazkide izatea erabaki genuenean, ez nekien Gorabidek Nahikariri zer eskaini ahal zion ere”, gogoratu du Maribelek. “Egoeraren inguruko orientazioa behar nuen, zer baliabide publiko zeuden, eta zein zen burokrazia maila”, gaineratu du. “Gure kasuan, beharrizan berdinak zituzten beste familia batzuekin egon nahi genuen”, azaldu du Iñakik. “Hori duela 23 urte izan zen, beste sasoi batzuk ziren”, argitu du.
Biak ados daude garrantzitsua dela elkartearen zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonak bazkide izatea. “Zenbat eta bazkide gehiago izan, orduan eta hobeto funtzionatzen dute elkarteek”, esan du Maribelek. “Eta garrantzitsua da sinisten duzun proiektu bateko bazkide izatea. Ez da kiroldegiko bazkide izatea bezala, zoazen bakoitzean sarrerarik ordaindu behar ez izateko. Zerbait gehiago da. Erabiltzaile soila bazara, zerbitzuen hartzaile gisa hartuko zaituzte. Baina elkarteak eskubidedun pertsonen izaera ematen digu. Kontua da, nire ustez, jendeak ez daukala elkarte izaeraren ikuspegirik; ez dutela pentsatu elkarte bateko kide izatea zer den”, estimatu du. “Egongo da jendea ez dakiena bazkide ez denik ere. Horregatik, guk beti hitz egiten dugu gainerako familiekin, hori kontuan izan dezaten”, azpimarratu du Iñakik. “Gu oso pozik gaude Gorabideko bazkide izateaz”, adierazi du.
“Gaur egungoaren moduko egoera zailetan Gorabide gurekin harremanetan jartze hutsa Nahikari zer moduz dagoen galdetzeko, norbait hor dagoela eta babes hori sentitzea gauza handia da”, onartu du Maribelek. “Gure seme-alabei arreta emateko ahaleginak eta bi egiten ari dira; bideo-deien bidez, jarduerak antolatuz…”, esan du Iñakik. “Eta horrek guztiak merezi du familiek bazkide izaeraren bidez sostengua ematea”, animatu du.
Elkartean inplikatzea
“Bazkide kopurua handitzeak esan nahi du gero eta jende gehiago inplikatzen ari dela proiektuan, ez soilik zerbitzuak erabiltzen”, ziurtatu du Maribelek. “Gure helburuak lortzeko modu bakarra elkarte irudia ematea eta elkarte moduan ahotsa izatea da”, nabarmendu du. “Asko aurreratu dugu urteotan”, gogoratu du Iñakik. “Ibilbide luzea izan da, baina horretan jarraitu behar dugu. Elkarteak berritu egin beharra dauka, jende berria behar du”, azpimarratu du. “Elkarte izaera bizirik mantentzeko, bazkide kopurua handitu behar da. Ikusgarritasuna lortzeko, indarra izateko…”, esan du Maribelek.
Ez dute ahaztu, gainera, Gorabideko bazkide izateak batzar nagusian parte hartzeko eskubidea ematen duela, hori baita elkartearen gobernu-organo gorena. “Garrantzitsua da hor egotea; gure seme-alabentzako egiten dena balioztatu edo proposamenak egin ahal izateko”, uste du Iñakik. “Elkartean lan egiten duen jendeari babesa eta zentzua ematen zaio”, adierazi du Maribelek. “Famili en proposamenak sortzen dira, gero proiektu bihurtuta ikusten dituzu, eta hori oso pozgarria da”, nabarmendu du.