Aldundia, Guggenheim eta Bilboko Itsas Museoak, BetiON, Bilbao Turismo, Kutxabank, Euskaltel eta Metro Bilbaoko ordezkariek parte-hartzea baloratu dute
BBKrekin lankidetzan garatutako Pertsona Irisgarriak programaren lehenengo fasean, parte hartzen ari diren zortzi erakundeetako ordezkariak bildu genituen, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko jarduerak sustatzeko xedea duen ekimen honetan izandako esperientzia ebaluatzeko.
Susana Palominok (Metro Bilbao) oso ondo baloratu zuen programa hau jarrera irisgarrietan zentratzea. “Ematen du, irisgarritasuna aipatzean, irisgarritasun fisikoaren inguruko egoerak soilik datozkigula burura”, azaldu zuen. “Pertsona irisgarriaren kontzeptua oso egokia da; izan ere, pertsonarengan jartzen du arreta, norberarengan, ez kanpoan”, mintzatu zen Jon Ruigómez (Itsamuseim Bilbao – Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa). Desgaitasuna duten pertsonek prestakuntzan daukaten protagonismoari dagokionez ere, ados agertu ziren.
“Ordezkaezina da”, esan zuen Rogelio Díezek (Guggenheim Museoa). “Gorabidetik etorri zen taldeko pertsonen eskuzabaltasun eta naturaltasunak ikusarazi zigun hori zela falta genuena, naturalak izatea”, gaineratu zuen Esther Virtok (Bilbao Turismo).
Kanpo eta barne onurak
Bestalde, Birjiña Arzallusek (Kutxabank) esan zuen edozein pertsonarentzako onuragarria dela pertsona irisgarri batekin topo egitea. “Aurrean dugunak zein beharrizan dituen antzeman behar dugu. Desgaitasu na edozein izanda ere, edo desgaitasunik ez dagoen kasuetan, edo adinaren arabera…”, defendatu zuen. Iñigo Mijangosek (BetiON) ideia hori zabaldu zuen barrura begira ere: “Enpresako pertsonak eurak oso pozik egon dira prestakuntzarekin; asko eskertu dute. Ikuspegia zabaltzeko oso baliagarria izan dela esan dute. Prestakuntza oso argia eta hurbila eman diguzue”, nabarmendu zuen.
“Gure kasuan, Gizarte Ekintza Saileko Plan Estrategikoak irisgarritasun unibertsala, inklusio osoa eta holako kontzeptu hartzen ditu barne, baina Aldundia oso handia da eta ekitaldi honetan prestakuntza orokor gisa sartzen saiatu gara, ez sail bakoitzeko espezifiko moduan”, esan zuen Imanol Madariagak (Bizkaiko Foru Aldundia).
Kualifikazio profesionala
“Denok, nolabait, bezeroarentzako lan egiten dugu”, esan zuen Susana López de Lacallek (Euskaltel). “Profesional bati kualifikazioa emateaz ari garenean, ez dugu soilik alde teknikoa kontuan izan behar; bere lana hobeto egiteko hainbat mailatako trebetasunak, gaitasunak eta eskumenak eman behar zaizkio”, esan zuen. “Onuradun handienak jendeari arreta ematen dioten pertsonak dira; izan ere, beldurra galtzen dute, eta horrek laneko estresa kentzen die. Eta, maila pertsonalean, hori oso pozgarria da”, esan zuen Guggen heimeko ordezkariak.
IRAKURKETA ERRAZA
Gure ‘Pertsona Irisgarriak’ programan
parte hartu duten zortzi erakundeak
oso pozik agertu dira
jasotako prestakuntzari dagokionez.
Bereziki nabarmendu dute
jende guztiarentzako onuragarria dela,
eta eskertu egin dute hitzaldiak
adimen desgaitasuna duten pertsonek
eman izana.