Familietatik familientzako sei proposamen

2018/06/05

Gure familia-partaidetzari buruzko hausnarketa-taldeak prestakuntza, harremana eta elkarlaguntza eskaintza hobetzeko ekimenak planteatzeko prozesua azaldu du

Facebooktwitterredditpinterestlinkedinmail

Nork familiak baino hobeto beste bati ulertu eta laguntzeko, kezkak, ardurak, itxaropenak eta bestelakoak partekatzen dituztenean? Ideia praktikara eramateko erraza dirudi, baina ez zen halakoa 2017ko irailean. Orduan, Gorabideko Familia Esku-hartzearen arduradunak zortzi emakumeri, adimen urritasuna duten pertsonen senideoi, deitu zigun bilera batera, elkartearen oinarriez hitz egiteko, familia-mugimenduan ondo finkatutako erroak baitira. Espiritu hura berreskuratu behar zen, familiok berriro ere motorraren eta bultzadaren parte ere izan gintezen.

Bilera gehiago egin ziren, etxeko lanak izan genituen, adituen laguntza ere izan genuen… eta bi ideiak indarra hartu zuten: “Familiok elkartea gurea balitz bezala sentitu behar dugu” eta proposamenek “familiatik familiara” izan behar dute. Proiektuak zirrara sorrarazten zigun; begiradetan, esku-hartzeetan, barreetan… igartzen zen, baita haserretan ere. Azken horiek, urriak baziren ere, zerbait okertzen zenean agertu egiten ziren.

Denboraldi batez, apur bat inozoak ginela, uste genuen gure lana ideiak sortzea izango litzatekeela, ondoren Gorabidek abian jar zitzan. Beraz, entzun genuenean taldeak sortzeko ordua zela eta ko-dinamizatzaileak gu geu izango ginela, harriduraz eta ikaraz begiratu genuen. Gu geu talde bateko liderrak izan? Ez gara gai… Familiak besterik ez gara! Eta une horretan ulertu genuen zergatik geunden bertan. Oso argi esan ziguten hasieratik: “Familietatik familietara”. Motorra ginen eta martxan jarri behar ginen.

Hasierako beldur txikiagatik ere, inork ez du proiektua utzi eta lan-taldetxoak sortu ditugu familietatik familientzako sei proposamen abian jartzeko:

  1. Elkarri laguntzeko beste talde bat sortu, adimen urritasun arina edo mugako adimena duten pertsonen senideen artean.
  2. Familia berriak hartzeko senide-taldea sortu, sentimenduak eta arazoak partekatzeak dakarren berotasunetik.
  3. Anai-arreben eta euren bikotekideen eta adimen urritasuna duten senideen arteko topaketa antolatu.
  4. Familia osoarentzako jokoen tailerra, senideen arteko harremanak indartu eta bultzatzeko.
  5. Urtean bi ekintza gutxienez familian egiteko; zerbait oso erraza, esaterako, askaria, solasaldia edo bestelakoa partekatu.
  6. Hitzaldi, tailer eta horrelakoen eskaintza birformulatu, familien benetako interesetatik abiatuta.

Proiektuaren garai honetan, ilusioak gorenean jarrita, hasierako beldurrak ia desagertu dira. Inork ez du galdetzen taldea dinamizatzeko gai izango den. Argi dugu gu geu izan behar garela, adimen urritasuna duten pertsonen senideak, eta antzeko egoeretan dauden beste familiei laguntzeko gaude. Familiatik familiara, Gorabiden familia bakoitza kontuan hartzen delako.